Ardura, elkartasuna eta konpromisoa eskatu ditu PSE-EEk madalen 'ez jaien' atarian
Jaien data hurbiltzen ari den neurrian, ordea, kezkatuta azaldu da PSE-EE, eta ardura, konpromisoa eta elkartasunerako deia egin du COVID-19aren hedapena saihesteko.
Bertan behera gelditu dira madalenak aurten, jai batzordeak eta udalak erabakita. Jaien data hurbiltzen ari den neurrian, ordea, kezkatuta azaldu da PSE-EE, eta ardura, konpromisoa eta elkartasunerako deia egin du COVID-19aren hedapena saihesteko.
Kezka azaldu du Jose Angel Rodriguez sozialisten bozeramaleak, “pandemiari lotuta ezarritako arau eta neurriei muzin egiten ari diren hainbat pertsonen jarrera arduragabeagatik. Herri ezberdinetako irudiak jaso ditugu arduragabekeria hori erakusten dutenak, eta horiek alertan jartzen gaituzte agerraldiak ugaritzen ari direlako”.
Ez luketela halako egoerarik Errenteria-Oreretan ematea nahi esan du, eta herritarrak ardurara eta prudentziara deitu ditu Rodriguezek, hain data berezien atarian. Osasunaren zaintza “ezinbestekoa” dela eurentzat erantsi du, eta gobernuak zein udalak ezarritako neurriak zorrotz betetzeko eskatu du: “Esfortzu kolektiboa eskatzen dugu eta osasuna arriskuan jar dezaketen ekintzetan parte ez hartzeko”.