AHT-ren aurkako mozioa aurkeztuko dute Lezoko Udalean
Orain Ardura ekimenaren izenean mozio bat aurkeztuko dute hilaren 30ean egingo den udalbatzarrean. Herritarrei deia luzatu diete plenoa egingo den Gezala aretoaren aurrean 19:00etan biltzeko.
Astigarraga-Lezo bide zatian egitea aurreikusten den Abiadura Handiko Trenaren ikerketa informatiboa jendaurrean da, ekainaren 23tik abuztuaren 3ra arte (30 egunez). Orain Ardura taldeak hainbat arrazoi mahaigaineratu ditu lan hauek bertan behera uzteko, haien artean, nekazal lurretan egon litezkeen galerak eta “diru xahuketa”. Gainera, gaiaz mozioa aurkeztu dute hurrengo udalbatzarrean aztertzeko.
Oiartzungo eta Errenteria-Oreretako Udalek dagoeneko aditzera eman dute alegazioak aurkeztuko dituztela euren herriei dagozkien lurrengatik. Lezoko Udalak, baina, zein asmo duen ezin izan dela jakin adierazi du taldeak, eta, horrekin lotuta, “kezkaturik dagoen herritar talde bat” udaletxe aurrean, ostegunero, egiten ari den bilkuren garrantzia azpimarratu dute. Hauek dira Orain Ardurak mozioa aurkezteko eman dituen arrazoietako batzuk:
- Egungo trenbidea nahikoa da “bai bidaiarien, bai merkantzien joan-etorrietarako”.
- Inguruneko inpaktua (akuiferoak, errekak…).
- Bertako ekonomiaren kaltetzea nekazal lurren suntsiketagatik.
- “Diru xahuketa itzela” suposatuko luke, gizartearen premiazko beharrak “ase gabe dauden bitartean”.
Egoeraren aurrean, hilaren 30ean ospatuko den osoko bilkuran, taldeak mozioa gai ordenen artean barne har dezaten lortu du. Herritarrei deia luzatu zaie, batzarra egingo den Gezala aretoaren aurrean 19:00etan biltzera batzeko.