Pasaian, udaleku irekiekin jarraitzea erabaki du udalak
Pasaiako osasun datuak aztertu ondoren, udal gobernuak erabaki du egunean zeharreko udalekuak berrezartzeko baldintzak badirela. Hilaren 23tik aurrera berrasiko dira.
Artxibo irudia. Udalekuetan osasun eta segurtasun neurriak bermatu beharko dira. Pasaiako Udalak aditzera eman du udaleku irekiak berriro martxan jarriko direla. Herrietako egoera eta osasun datuak aztertu ostean, udal gobernuak erabaki du egunean zeharreko jarduerak berrezartzeko baldintzak bete daitezkeela; hortaz, hilaren 23tik aurrera (osteguna) berrekingo zaie udalekuei. Etenak iraun duen hiru egunei dagokien matrikula zatia itzuliko zaie familiei.
Udaletxetik azpimarratu nahi izan dute haurren ongizatea izan dela erabaki hau hartzeko “oinarrizko premisa”. Konfinamenduaren ostean, inoiz baino garrantzitsuagoa da, orain, gazteenek jolasaz eta etxez kanpoko jarduerez goza dezaten. Gainera, egunean zeharreko udalekuek gurasoen kontziliazio beharretan duten garrantzia ere aintzat hartu dute erabakia hartzeko.
Esandakoak kontuan hartuta, udal gobernuak iragarri du “antolakuntza-ahalegin” berezia egingo duela, ezinbesteko diren osasun eta segurtasun beharrak bermatu eta, pasaitarren ongia sustatzeko. Protokoloaren barnean, hurrengo neurriak jaso dira: Sarrera eta irteera mailakatuak, egunero haurrei tenperatura hartzea, material guztia desinfektatzea, distantziak mantentzea… besteak beste.
