Antxo berri baterantz bidea
Pasai Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak ez du amore emango herria berpizteko saiakeran. Bidean topatu dituzten oztopoak ez dira nahikoa izan euren borroka geldiarazteko.
Pasa den urteko martxoan jakinarazi zuen Adifek hiru milioi euro inbertituko zituela Pasai Antxoko tren geltokia berritzeko. Erabakiaren berri izan zuenean, Eduardo Perezek argi izan zuen urte luzez buruan zerabilen ideia martxan jartzeko momentu aproposagorik ez zela izango. Geltokiaren eraikina bakarrik berriztea ez da zentzuzkoa harentzat; inguru osoari eragingo liokeen plana bazuen.
Perez, lanbidez delineatzailea, geltokiaren parean bizi da, Antxoko Nafarroa etorbidean, hain zuzen: «Urteak daramatzat geltokia behatzen eta pentsatzen lur gehiegi okupatzen duela, bertako azpiegiturei ez zaiela behar adina etekin ateratzen, alegia». Hortaz, lursail horrek hartzen duen espazioa optimiza zitekeela pentsatu izan du urte luzez antxotarrak, «bulebar bat egiteko erabiltzen ez den espazio horretan».
Berehala ekin zion Perezek lanari: aurreproiektu bat diseinatu eta udal gobernura bidali zuen. Izaskun Gomez alkatearen erantzuna, baina, ez zen izan hark espero zuena; proposamena «eskertzekoa zela» aitortu zion, baina udalak tren geltokiaren birmoldaketa proiektua soilik lehenetsiko zuela adierazi zuen. Hortaz, Adifek proposamena ezagutaraztean, eta soilik orduan, egongo zen aukera «atalen bat zuzentzeko», edota plana «zeuden proposamenen arabera doitzeko», haien artean, Perez berarena.
Antxotarraren arabera, gobernuburuaren hitzak «sinesgarritasun eskasekoak» izan ziren. Proposamena aukera ona izan zitekeen herritarrentzat, eta inbertsioaren albistearen aurrean «logikoena, aurrea hartzea» litzateke, eta ez, ordea, Adifen lehen pausoen zain gelditzea.
Bistan zen udalaren planak ez zetozela bat herritarrenekin. «Nire proposamena, Adifen lanak porturantz apur bat mugitzea da, erabilerarik gabeko instalazio zaharrak kenduz eta geltokiak okupatzen duen lekua murriztuz», dio Perezek. Bazirudien, baina, Pasaiako agintaritzak ez zuela «hasiera batean behintzat» ideia hori partekatzen.
Perezen proposamena, herri-proposamen bilakatu zuten antxotarrek
Antxotarren babesa
Horren aurrean, delineatzaileak ez zuen amore eman; aitzitik, «urrezko aukera hura ezinbestean aprobetxatu behar zela» argi zuen, eta bizilagunen artean zabaltzea erabaki zuen: «Ohartu nintzen nire proposamenarekin bat egiten zuten antxotar asko zeudela». Orduan ezagutu zuen egun bere plataformakide den Florencio Moro, eta biek elkarlanean, ideia hori irmo bultzatzeari ekin zioten.
Proposamenaren berri emateko bilera bat deitu zuten Antxoko Kultur Etxean, eta sinadurak biltzeari ekin zioten; 850 antxotar baino gehiagok adierazi zuten ideiarekiko babesa hilabete inguruko epean. Plan berria martxan zen, eta inoiz baino elkartasun handiagoarekin, gainera. «Ulertu nuen ordura arte neurea izan zen proposamena, herri proposamen bilakatu zela».
Gazi-gozo
2019ko urrian udalbatzar batean aurkeztu zituzten sinadurak, aurreproiektua, argazkiak, eta beste hainbat dokumentu, mozio baten bitartez. Batzarrean aho batez eman zitzaion onarpena proposamenari, «baina hainbat ñabardurarekin», Gomez alkateak esan baitzuen ez zitzaiola beharrezko iruditzen gaia jorratzeko lan-mahai bat sortzea, plataformak proposatu bezala. Ondorioz, «sentsazio gazi-gozoz» atera ziren udalbatzarretik.
Orduan eman zuten hurrengo aurrerapausoa: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ziren, Lurralde Antolaketa Departamentuarekin, zehazki. Bilera egin zuten Rafaela Romero saileko diputatuarekin eta Miguel Angel Crespo departamentu buruarekin. Elkartze hori «etsigarria» izan zela aitortu du Perezek, bertan jakin baitzuten Crespo Pasaiako Udaleko gobernuko kide berria zela. «Hau da, aldundira joan ginen eta udala aurkitu genuen mahaian eserita».
Departamentuburuak esan ziena, aurretik Izaskun Gomezen ahotik ateratako berbera izan zen, «ez ziguten marjinarik eman». Romerok laguntzeko keinu bat egin zuen, aginduz bere sailari luzatuko ziola proposamena eta akordioaren parte ziren erakundeekin bilera bat egiten ahaleginduko zela. «Bilera hartatik atera ginen pentsatuz berdin jarraitzen genuela, babes sendorik gabe. Hori ikusita, harago joan behar genuela erabaki genuen».
2016ean onartutako plana
Hurrengo urratsa Eusko Jaurlaritzaren atera deitzea izan zen, zehazki, Azpiegitura departamentuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren ateetara. Bigarren horretako teknikariek iragarri zieten bazela Jaurlaritzak egindako lurralde-plan partzial bat, «gure proposamenaren ideia kasik berbera jasotzen zuen, eta 2016an onetsi zen».
Ideia oso antzekoa zen, oro har: Adifen tren geltokiak okupatzen zuen espazioa aztertu eta sinplifikatu, lursail hori Pasai Antxon bulebarra sortzeko erabiltzeko. «Horrek itxaropena eman zigun», dio Perezek. Baina gauzak ez ziren hain erraz joango. Departamentuko kideek jakinarazi zieten eurek planak diseinatu bai, baina ez zituztela gauzatzen. «Horrenbestez, ideia bazegoen, baina ez, ordea, hura martxan jartzeko asmorik».
Hasieran babesik ez lortzeak harago joatera animatu zuen plataforma
Paraleloki, Azpiegitura sailarekin jarri ziren harremanetan eta, nahiz eta hasieran elkartzeko eskaerari uko egin zioten, azkenean, Antonio Aiz sailburuordeak bilera bat proposatu zien plataformako bi kideei. Bilbon elkartu ziren eta, Perezen ustez, hura izan zen urtebete ondoren eman ahal izan zuten lehen pauso sendoa.
Aizek ezezaguna zitzaien informazio berria helarazi zien. Finean, aitortu zien bazirela hurrengo urteetarako aurreikusita zeuden hainbat lan lerro, Pasaiako tren geltokiaren espazioa geroz eta gutxiago erabiltzea eragingo zutenak. Perezen ustez, portuari zerbitzu eman besterik ez dute egiten geltokiaren alboan dauden, eta erabilera oso gutxi duten trenbideek. Horregatik, sailburuordeak antxotarren ideiarekin bat egin zuen, «guztiz zentzugabetzat» zuelako birmoldaketa integral bat burutzea orain geltokia dagoen kokaleku berdinean.
Horrez gain, bilera hartan izan ziren bi aldeak bat etorri ziren bulebarraren sorrerarekin. Aizek gehitu zuen ideia ona izan zitekeela Pasai Antxoko pasealekua Herreran, topo geltoki berriaren birmoldaketan, sortutako ibilbidearekin elkartzea. Izan ere, plataformak proposatutako bulebarizazioak ez luke egungo tren geltokiak okupatzen duen espazioa soilik hartuko, baizik eta Buenavistako gainetik Kaputxinoetako biribilgunera arte doan bide guztia.
Hori izan zen taldekideak «sentsazio positibo» batekin utzi zituen lehen topaketa. Aizek agindu zien eskua luzatuko ziela eta proposamena aurrera ateratzeko ahaleginak egingo zituela. Pasaiako Udalarekin eta Adifeko buruarekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen, akordioa bien aldetik eman behar baita.
Adifek bulebarrerako eremua «askatuko» balu, Pasaiako Udalarena bilakatuko litzateke, herri-jabariko ondasunak baitira lur horiek. Gauzak horrela, Perezek uste du aukera oso ona litzakeela hura, «ez lukeelako aparteko kosturik suposatuko udalarentzat».
Azken berriak
Plataformako kideek eta haiekin bat egin duten antxotarrek uste dute proposatzen den proiektuak hiri-biziberritzea suposatuko lukeela Antxorentzat, «herriarentzat bultzada bat litzateke, zentzu guztietan».
Batetik, barrutiaren itxura guztiz aldatuko lukeelako, «gune berdeekin, etxeetatik banandutako errepidearekin…», eta, gainera, sustapen ekonomiko «ukaezina» izango litzateke herriarentzat; zonalde horren guztiaren balioa handituko litzateke eta Nafarroa hiribideko merkataritza berpiztuko luke bertan pasealeku bat izateak. Barrutia asko aldatuko luke lan berri horrek; herria «beste bat» izango litzateke, «betiko esentziarekin, baina Antxo berri bat», dio Perezek.
Hilaren 15ean egindako udalbatzarrean, ordea, Pasaiako alkateak adierazi zuen, «zoritxarrez», Antxoko bulebarra ez dela urte gutxi batzuetan emango den errealitate bat izango. Ez epe laburrean, ezta ertainean ere.
Gomezen ustez, momentu hauetan, herriarentzat «onena» dena, «premiazkoena» den horretatik desberdindu beharra dago. Premiazkoena, haren arabera, «egoera negargarrian» dagoen geltokia berritzea da, eraikin berria egitea, alegia.
Alkateak esandakoaren jakinaren gainean egonda ere, plataformako kideek argi utzi dute ez dutela amore emango, eta Pasai Antxo berpizteko ametsa egi bihur dadin borrokan jarraituko dutela.
Xehetasun teknikoak
Antxoko Tren Berriaren Plataformaren aurreikuspenen arabera, burdinbidearekin lotutako lanek, «Pasai Antxo berri bat» sortzeko aukera aproposa eskaintzen dute. Ondoko bi koadroetan ikus daitezke, zehaztasunez, plataformak egindako proposamenaren hainbat datu eta azalpen.
Bestalde, trafikoari dagokionez ere, bulebarizazioaren egitasmoak hainbat onura ekarriko lituzkeela uste dute Antxoko herritarrek. Hala, Nafarroa etorbideko alde bakoitzean proposatutako bazterbideak sortzeak, arazoa izan duen (edo duten) ibilgailuak zirkulazio bidetik kanpo gelditzeko aukera emango luke. Horrela, gainontzeko kotxeek martxan jarraitu ahal izango lukete euren bidetik, aparteko pilaketarik sortu gabe. Maiz gertatu izan dira Nafarroa etorbideko errepidean gertakariak, auto ilarak sortuz.
Perezek dioenez, ideia hau «sinplea bezain garrantzitsua» da, eta errepide berri guztiek hartu beharko lukete aintzat. Aldaketa txiki bat besterik ez da, baina zirkulazio-fluxua «biziki» erraz lezake.
Errepidearen beste aldean (tren geltokia dagoen aldean), bigarren bazterbidearen alboan, orain dagoen bidegorria zabaltzeko plana dago aurreikusita plataformaren proiektuan. Antxotarren ustez, oraingo bidegorria estuegia da, daukan erabilpen aberatserako. Hori dela eta, bizikleta eta bestelako ibilgailuentzat leku gehiago gaitzea da aurreikusten den beste neurrietako bat.
Bidegorriaren segidan, (eta trenbide berriaren hasierara arte), 2,5 eta 3 metro arteko pasealekua sortuko litzateke, zeinaren punturik estuena Antxoko ibaiaren altueran legokeen.
Gune berdeak
Kokaleku horretatik aurrera, Buenavistarantz, bidea zabalduz doa landu duten egitasmoan jasoa dagoenez, trenbidearen bidea ez baita paraleloa etxe ilararekiko, eta, hortaz, oinezkoen bidearen eta burdinbideen artean gelditzen diren eremuak, lorategiak eta bestelako zonalde berdeak egiteko erabiltzea da ideia.
Plataformako kideen ustez, eremu berdeek haurrekin eta txakurrekin paseatzeko aukera oso ona eskainiko lukete. Hala, gainera, txirrindulariek euren espazio propioa izango lukete, eta oinezkoei paseo berriaz gozatzeko aukera ere eskainiko litzaieke, elkar oztopatu gabe.
Laburbilduz, eta ordenean jarrita, hauexek izango lirateke Nafarroa etorbidean dauden etxeetatik tren geltoki berrira arteko espazioa osatuko luketen elementuak: 12 metroko zabalerako bulebarra, lehen bazterbidea, bi norabideko errepidea, bigarren bazterbidea, bidegorri zabalagoa, eta, azkenik, hiru metro inguruko ibiltokia, zona berdeekin.
13.000 metro koadro irabaziko lituzke Pasai Antxok
Adifek plataformaren proposamenean aurreikusten diren lurrak «askatuko» balitu, Antxok 13.000 metro koadro berri irabaziko lituzke. Lanek herriaren zabalera zeharo hedatuko lukete, orain espaloi soil dena bulebar bilakatuz, eta estua den bidegorriaren alboan paseorako zonalde berri bat sortuz.
12 metroko zabalerako bulebarra, etxeen eta errepidearen artean
Nafarroa hiribidean dagoen bi erreiko errepidea etxeetatik gehiago bananduko litzateke; hala, orain 5 metro dituen espaloiak beste 7 metro irabaziko lituzke, eta 12 metro inguruko bulebarra sortuko litzateke.
Bazterbideak. Lekualdatutako errepideak alde bakoitzean bazterbide bana izango luke. Haietako bakoitza errei erdi baten zabalerakoa. Hortaz, bide berri baten espazioa gehituko litzaioke azpiegiturari. Istripuren bat gertatzen denean ilara handiak sortzen dira, eta bazterbideak aukera emango luke matxura duen ibilgailua alboan utzi, eta trafikoaren jarioa mantentzeko.