COVID-19aren inguruko sentsibilizazio kanpaina egingo dute, astelehenean, Donibanen
Dinamizatzaile talde batek Donibane bisitatuko du, astelehenean, pandemia eteteko asmoz hartu diren erabakien inguruan kontzientziatzeko. Kanpaina ostalaritza sektoreari zuzenduko zaio, bereziki. Musukoak ere banatuko dizkiete herritarrei.
Eusko Jaurlaritzak iragarri du ostalaritza sektorera bideratutako sentsibilizazio kanpaina bat jarri dela martxan, COVID-19ak eragindako pandemia eteteko neurri egokiak sustatzeko helburuarekin. Jarduera astelehenean (hilak 27) egingo dute Pasai Donibanen, 12:00etatik 14:00etara. Musukoak ere banatuko zaizkie bertaratzen diren herritarrei.
Kanpaina honek EAEko hiru lurraldeak bisitatuko ditu, gaurtik hasi (hilak 24) eta irailaren 13ra arte 40 gipuzkoar eremutan lan eginez. Iniziatiba adin tarte guztietara zabaldu nahi da, baina gazteengana heltzeko “ahalegin berezia” egingo dela iragarri dute, uste baita kolektibo hau dela segurtasun neurrien inguruan sentsibilizazio lan gehien eskatzen duena.
Kanpainak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta EAEko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.