«Kontzientzia eta prestaketa handiko errelebo izugarria dugu»
Urte luzeetako lan isilak eman du fruitua, eta indartsu dago mugimendu feminista. Errenteria herri berdinzaleagoa, justuagoa eta bizigarriagoa egiteko bidean borrokatzen jarraitzen du.
700 urte bete ditu Errenteriak aurten. Ibilbide horretan emakumeek zein eragin historiko izan dutela esango zenuke?
Eraikuntza sozialean beti aritu gara emakumeak. Familiak egituratzen, baserrietan, kaleetan, industrian eta iraultzetan. Hala ere, badakigu boteretsuek idazten dutela historia, maskulinoan idatzi betiere. Erreprodukzioarekin lotutako lanekin arduratu gara ofizialki emakumeok: etxea, zaintza, haurrak heztea… Arlo pribatua etiketa jarri dioten hori guztia, garrantzi eskasekoa, doakoa eta erraza kontsideratzen da.
Gizonek, ordea, lan produktiboa okupatu zuten, etxetik kanpokoa, ikasketak, politika, legeak, hau da, garrantzitsua kontsideratzen den guztia.
Emakumeei aitortu zaie?
Emakumeak ezinbestekoak izan gara eraikuntza sozialean, eta ez, ez gara azaltzen historia liburuetan ez bada santa, erregina aspergarri edota maltzur gisa.
1979-1980 urtean talde parapolizial faxistek Errenteriako 14, 16 eta 18 urteko hiru emakume bahitu eta bortxatu zituzten. Amorruz hartu zuten kalea emakumeek. Orduko emakumeen asanblada izan zen egungo mugimendu feministaren jatorria?
Bai eta ez; emakumeak beti aritu gara era sozial justuago eta askatzaileagoetarako trantsizio unetan borrokan, eta une hartan, emakume asko eztabaidetan eta antolatzen ari ziren dagoeneko. Ziurrenik, azken hori kontuan hartu zuten bortxaketa eta hilketa mordoa eragin zituzten talde parapolizial faxistek: Mari Jose Bravo eta Ana Tere Berruetaren kasuak ditugu garaiko gertakarien adibide latzenak —16 urte zituen Bravok eta Donostian bortxatu eta hil zuen Batallon Vasco Españolek; Berruetak, 19 urte zituen eta Loiun bortxatu eta hil zuen GAE talde parapolizialak —. Desobedienteak ziren emakumeentzako zigorra, eta umiliazioaren bidez, herriarentzat zigorra. Emakumea guda harrapakin gisa erabili zuten, emakumeen gorputza etsaiaren ohorearen gordetzaile gisa.
Hasiberria zen mugimendu feministak herri osoaren erantzuna, amorrua, eta emakumeen beldurra bideratzen asmatu zuen, eta mezu argia zabaldu: paternalismorik gabe, geure burua babesteko gai ginela. Herriaren erantzuna eredugarria izan zen, eta Errenterian, Euskal Herriko mugimendu feministarik sendoenetako bat finkatu zen.
Zein esango zenuke izan dela garairik zailena Errenteriako mugimendu feministarentzat?
Horixe. Dena egiteko zegoen artean. Emakumeak guraso eta senarren propietate ginen ia garai hartan, egoera horretatik abiatu ginen, eta aldarrikatzeko genituenen zerrenda luzeari, abortua, dibortzioa…, emakumeen arazoak ikusarazi eta izendatzeko zailtasuna gehitu behar genizkion. Pribatuak kontsideratzen ziren beste arloak identifikatzeke genituen: familia, sexualitatea, biolentzia… Bizitza propioak politikoki berrinterpretatu behar genituen eta teoria politikoa eraiki, esperientzia pertsonalean oinarrituta.
Hori guztia oso garesti ordainduta, feminista izatea ez zegoelako modan. Gertukoek etengabe kuestionatzen gintuzten, gainera.
Eta oparoena?
Egungoa. Desberdintasunek errealitate politiko eta soziala zeharkatzen jarraitzen badute ere, desberdintasun horiei aurre egin eta interpretatzeko era justuagoak diren kontzientzia handiagoa dugulako.
Birpentsatu egin behar gara, galtzerdien gisara buelta eman geure buruari eta soinean izan ditzakegun jarrera arrazista eta paternalistei aurre egin. Bizipenak entzun behar ditugu, prozesuak errespetatu eta ezker eta eskuin kategorietatik harago eragiten ari den diskurtso sozial arrazista jasaten ari diren kideak babestu behar ditugu.
Diskurtso horiek, estereotipo horiek, normalizatzen ari dira eta ezin gara, beraz, erlaxatu.
Etengabeko lan isila izan da ekintzaile feministena, egunerokoa. Hala ere, 2018an greba feministak lortu zuen mobilizazio erraldoia ezezaguna zen ordura arte, baita Errenterian ere. Zer gertatu da?
Hainbat aldagairen batura dela esango nuke. Batetik aipatu duzun eguneroko lana dago. Mugimendu feminista ez da alderdi politiko bat, ez du egitura egonkorra eta diskurtso bakar bat, eta horrek, ahalbidetzen du emakume askok bat egitea ideia feministekin antolatuta egon gabe, eta ahalbidetzen du, halaber, mezu feminista esfera ezberdinetara zabaltzea: hezkuntza, alderdi politikoak, sindikatuak, mugimendu sozialak…
Beste zirkunstantzia bat biolentziaren kontzeptuaren birdefinizioa da. Horrek egonezin eta bidegabekeria askori aurre egitea ahalbidetu du; tolerantziak zero izan behar du. 2018an gertatu zena ulertzeko ahaztu ezin daiteken aldagai bat, pizten joan zen haserrea izan zen: abortuaren legearekin Alberto Ruiz-Gallardon orduko Espainiako Gobernuko ministroak egin zuen saiakera, epaileen sententzia matxista eta patriarkalak, manada bezalako kasuetan babesgabetasun sentsazioa —bortxatutako emakumea epaitu dute— edo etengabeko hilketa matxistak. Martxoaren 8ak amorrua kanalizatu zuen.
Zein da Errenteriako mugimendu feministaren egoera egun?
Osasuntsu dago, talde ezberdinei, ekintza batasuna bermatzen duen asanblea egonkorra batu behar zaio. Horrek, gainera, antolatu gabe dauden emakumeak kanpaina edo une zehatzetan bat egitea ahalbidetzen du.
«Emakumeak ezinbestekoak izan gara eraikuntza sozialean»
«Feministak bereziki, ultraeskuinaren objektibo kutunena bihurtu gara»
Aldarri unibertsala da neurri asistentzialetatik harago, neurri estrukturalen beharra indarkeria matxistari aurre egiteko. Zein dira neurri estruktural horiek, zein da bidea?
Bidea luzea, unibertsala eta estrukturala da, eta argi dago egitura aldatzea dela gakoa, iraultzari ukorik ez egitea. Urte hauetan guztietan indarkeria matxistaren kontzeptua birdefinitzen joan gara bere ertz guztietan ulertu ahal izateko, eta aurre egiteko. Indartsuago garen neurrian, askeago garen neurrian, amorru handiagoz erantzuten dute; Abya Yala—Panama eta Kolonbiako kuna herriak— lurraren defendatzaileak, emakume kurduak, Brasilgo lurrik gabekoak, emakumeak orokorrean eta feministak bereziki, munduko ultraeskuinaren objektibo kutunena bilakatu gara; baita hemen ere.
Ez ditugu erantzun guztiak. Bidea guztion artean eraikiko dugula ulertzen dut. Kosifikatzen gaituen publizitatea borrokatu behar dugu, zero tolerantzia izan behar dugu ‘ez da hainbesterako’, ‘ez dut sinisten’ mezuekiko. Sortu ez duten egoera batengatik lotsatuta senti ez daitezen babestu behar ditugu emakumeak, eta batez ere errespetuan, heziketan lanean jarraitu behar dugu, elkartasun matxista apurtuko duten agente aktibo izan, aliatuak sortu.
Lan handia dago aurretik. Biolentziak beste aurpegi batzuk hartu ditu ziber-jazarpenarekin, askatu beharrean preso bihurtzen duen maitasun-zaborrarekin; askatasuna, maitasuna, errespetua, edo jeloskortasun kontzeptuak aldatu behar ditugu.
Herritik indarkeria matxistaren kontra aritzea eraginkorra dela agerian gelditu da, agente aktibo guztien inplikazioa garrantzitsua delako, eta modu bateratuan lantzen bada ere, bide berriak zabaldu behar dira emakumeek behar duten laguntza aurki dezaten: gizarte zerbitzuak, Osakidetza, Emakumeen Etxea, laguntza eraginkor batera bideratzen zaituzten lagunak… Bidea luzea da, bai.
Zaintza. Lan ikusezina, gaizki ordaindua, gutxietsia, eta feminizatua. Pandemiak are ageriago utzi du hori, baita ezinbestekoa dela ere. Nola heldu behar zaio gai horri?
Zaintza historikoki emakumeei egokitu zaie. Besteentzako bizi den ama, alaba eta emazte sakrifikatu gisa identifikatzen gaituzte. Zaintza biologizatu egin da DNAn eramango bagenu bezala, gizonak emakumeok baino zaintzaile okerragoak balira bezala.
Sinplista dirudien arren, patriarkatuak erabiltzen jarraitzen du, esplotazio sistema perbertso batekin. Gizarte bakoitzak zaintza eredu bat aukeratzen du, ez da biologikoa, zaintzari ez zaio berdin aurre egiten Suedian, Euskal Herrian edo Kolonbian. Euskal Herriko zaintza eredua familista da, eta normalean beti emakumeei dagokie. Lan ikusezina da esfera pribatuan ematen delako, ez ordaindua, eta horrenbestez, ‘hainbeste duzu hainbeste balio duzu’ maxima duen gizarte batean. Emaitza miseriazko pentsioak dira ez dugulako kotizatu, prekarietatea, isolamendu soziala eta ondoez emozional sakona. Eredu hau printzatzen ari da. Sistemak partxeak jartzen ditu, nahikoak ez diren neurri asistentzialak ezartzen ditu. Horren adibide dira pertsonen depositu eta enpresen negoziorako iturburu diren adinekoen erresidentziak; zaintza ia esklabotza baldintzetan egiten dute beste jatorri bat duten kideek. Langile horiek ez dute eskubiderik, eta soldatak barregarriak dira. Sistemari horrelako zaintza sistema interesatzen zaio: prekarioa, gaizki ordaindua, ia esklaboa. Borroka etengabean ari diren erresidentzietako kide langileei aitortza egin nahi diet.
Eredu horren aurrean antolaketa soziala planteatu beharko genuke, justuagoa eta solidarioagoa den zaintza eredua sortzea kalitatezko lanpostuekin, eta politika publikoetan dagokion lekua emanda.
Zaintzaren gaineko eztabaida etengabea izan du mugimendu feministak. Hasiera batean etxeko lanez hitz egiten genuen eta haren banaketaz, baina eztabaida honek —eta beste askok— teoria eta eraikuntza politiko guztia zalantzan jartzera eraman gaitu, ez soilik kapitalari ematen diogun etekinaren ikuspegitik. Bizi nahi ditugun bizitzak nolakoak diren birplanteatzera eraman gaitu, ekintza politikoan garrantzitsua zer izatea nahi dugun, disidentziak, iraultzak nolakoa izan behar duen aztertzera: gorputz libreak herri libreetan, bizitza erdigunean.
Erasotzaileekin bizi diren emakumeen egoerak okerrera egin du berrogeialdian.
Isolamendu sozialak onena eta okerrena azaleratu du. Eraso fisiko, hitzezko edo psikologikoak ez dira zirkunstantzialak, berriz ere errepikatuko dira. Eraso horiek sufritu dituzten emakumeei hala planteatzera animatzen diet, bizitzea merezi duen bizi gozagarri bat dagoelako, askatasunarena, eta tresna, bitarteko eta pertsona ugari dagoelako haiek ez-bizitzatik ateratzeko laguntzeko prest.
Feminismoaren historian aurrera urratsak izan diren hainbat iniziatiba egin dira Errenterian. Memorandra da horietako bat.
Irabazleen errelatotik irteteko beharra nabaritu da oro har mugimendu sozial guztietan, azken urteotan kolektibo ugarik nahi izan dute kontatu beren historia propioa. Herri honetan hain garrantzitsua den mugimendu feministak berea du, eta Memorandratik kontatu nahi duguna da. Kontaketa korala da, eta herri honetako emakumeak bezain anitza. Gainera, belaunaldi berriak, beren historiaren zati baten partaide egin nahi ditugu.
Berdintasun Mahaiaren sorrera, Mariasun Landa sariketa eta Emakumeen Etxea urrats bat gehiago izan dira.
Diskurtso feminista bazter guztietara zabaldu nahian, udalean aldaketak emateko baldintzak ematen zirela ulertu genuen gutako batzuk, politika feministak lantzeko baldintza errealak zeuden. Apustu handia izan zen, gutako asko kultura antisistematik gatozelako, eta mesfidantza handia dugulako instituzioekiko. Borondate politiko zintzoa eta elkarlan estu batetik berdintasun planak, kontseilua eta Emakumeen Etxea sortu dira. Azken hori emakume askorentzat bilgune erreferentea bihurtzen ari da, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista borrokatzeko sarbide bat gehiago.
«Zaintza biologizatu egin da, DNAn eramango bagenu bezala; ez da hala»
«Feminismoa askatzailea da emakume eta gizonentzat»
Belaunaldi gazteei begira jarrita, badirudi badela erreleboa.
Ikaragarria dugu, prestaketa eta kontzientzia handikoa. Ez naiz bakarrik antolatutako gazteez ari, horiek oso garrantzitsuak izan dira guretzat. Berdin dira berdintasun masterrak egiten ari direnak, teoria feminista lantzen ari direnak, unibertsitateetan daudenak, ikerketan, idazten, teorizatzen, kalera irteten; eskubideak beraienak direla naturaltasunez ulertzen dutenak, alegia, eta aurre egiten dutenak. Irakurketa? Soka luzea dugu.
Lehenengoz, emakume bat Errenteriako alkate.
Berez mugarri bat da, pausu bat gehiago berdintasunerako bidean, eta ondo eginak eta akatsak gorabehera, emakumeak botere postuetan egoteak gizarte berdinzaleagoa, eta hortaz justuagoa bermatzen du.
Hori esanda, argi dut transformazioa ideietatik datorrela, emakume izan zaitezke eta erabat faxista —azken hori ulertzea beti kostatu izan zait—. Ezkerreko alderdi politikoetan diskurtso feminista sartu da, baina Errenteriaren kasuan urrats bat gehiago egin da, alkatearen eta gobernu taldearen profilagatik. Eragina izaten ari da jada, begirada ezberdina da.
Errenteria feminista dela esango zenuke?
Saiatzen ari garela esango nuke. Baina eskubideak gal ditzakegu ez baditugu defendatzen. Feminismoa askatzailea da gizartearentzat, emakume eta gizonentzat. Asko dugu ikasteko, eta ezberdinei entzun behar diegu, gure marko sozial eta kulturala ez delako bakarra.
Nolakoa irudikatzen duzu etorkizuneko Errenteria feminista?
Haiek sinisten hasten garenean uzten diote utopiek utopia izateari. Pertsonen bizia eta elkarbizitza arauak kapitalistek eta merkatuek ezarriko ez dituzten justizia sozial eta askatasun mundu batean, Euskal Herri libre batean, emakume eta gizon askeen Orereta irudikatzen dut.