Lehenengo agintaldi urtearen balantzea egin du EAJk
COVID-19ak erabat baldintzatutako urtea izan dela nabarmendu du Elixabete Muruak EAJren bozeramaileak, eta agintaldi osoa ere baldintzatzen jarraituko duen uste osoa azaldu du.
Agintaldiaren lehen urtea amaituta, balorazioa egin du alderdi jeltzaleak komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez. Egoera normal batean, hausnarketarako baino, jairako izango liratekeela data hauek esanda, COVID-19ak erabat baldintzatutako urtea izan dela nabarmendu du Elixabete Muruak EAJren bozeramaileak, eta agintaldi osoa ere baldintzatzen jarraituko duen uste osoa azaldu du. Pandemiak jarritako erronka nagusia “herriari ekarpena egitea” dela uste du jeltzaleak, “pertsonalean, kolektiboan, baita erakunde edo alderdi politiko gisa ere”, eta “guztion” ahalegina ezinbestekoa dela esan du, herri eta gizarte gisa indartuta ateratzeko, “auzolanean eta noranzko berdinean egitea ezinbestekoa izango da”.
Akordioetara heltzeko gaitasuna nabarmendu du lehen urte honetan Muruak, “beti posible izan ez bada ere”, eta ordenantza fiskalak jarri ditu adibide gisa. Aurtengo aurrekontuan baina, ez zuten lortu adostasunik: “Gure ekarpenak baztertuta, ez genuen aurrekonturik babestu”.
Osasun krisiarekin udal talde politiko guztiek elkarlanerako erakutsi duten jarrerari erreparatu dio Muruak, eta balioan jarri; izan ere, jeltzalearentzat ezinbestekoa da elkarlan hori krisiari aurre egiteko, “batasuna azaltzea ezinbestekoa zen, eta adostasunera iristeko gai izan gara; horixe eskatzen ziguten errenteriarrek. Elkarlana, gainera, behar-beharrezkoa izango dugu etorkizunean”.
Datozenak urte zailak izango direla aurreikusi du, bestalde, baina orain arte ezarritako elkarlanak, ondorengoari aurre egiteko balioko duela uste du, “Errenteriako Udalean bide bat ireki dugu, oposizio izateak ez du esan nahi beti ezetzean egon behar dugunik; herritarrek izan behar dute gure lehentasun. Beste erakundeetan, oposizioak jarrera horrekin jardutea nahiko lukeela gaineratu du jeltzaleak.
Irudimentsu eta eraginkor. Hala izatea tokatzen omen zaio udalari datozen urteetan uste du bere aldetik Garbiñe Oiarbide EAJko zinegotziak, “baliabide ekonomiko gutxiagorekin, behar gehiagori aurre egin beharko diegulako”. 2020 aurrekontuak berregiteko beharra ez ezik, datozen urteetako aurrekontuetan ere lehentasunak ezartzea ezinbestekoa izango dela dio, “EAJ udal taldeak beti azaldu dio udal gobernuari lanketa horretan parte hartzeko borondatea”.
Osasun krisiari aurre egiteko erronkekin batera lehendik herri bezala zituen erronkei aurre egiteko beharra azpimarratu du, eta horien artean, aldaketa klimatikoa, ekonomia jasangarria, lehen sektorea bultzatzea, edota CO2 isurketarik gabeko garraioa aipatu ditu.
HAPOari ere egin dio erreferentzia Oiarbidek: “2012an berritu behar zen eta agintaldi honetan lantzeko konpromisoa hartu zuen udal gobernuak; horrekin bat egiten dugu, herri bezala ditugun erronka askori aurre egiteko erreminta izango delako”. HAPOa gainera, ahalik eta kontsentsu zabalenarekin osatzea ezinbestekotzat jo du Oiarbidek.