"Pasaitarrok merezi dugun herria" lortzeko larruazala utziko duela iragarri du EH Bilduk
San Pedron egindako agerraldian, ikasturte politikoaren errepasoa egin eta datorrenerako konpromisoen berri eman du alderdiak. EAJ eta PSE-EE "norabiderik gabe" aritu direla uste du taldeak.
Atzo, hilak 23, San Pedron egindako prentsaurreko batean EH Bilduk ikasturte politikoaren balorazioa egin eta, datorrenerako euren konpromiso eta helburuak iragarri zituzten. Alderdi politikoaren arabera, EAJ eta PSE-EEk “ez dute inolako norabiderik Pasaian, ez eta gobernu programarik”. Agerraldian nabarmendu zuten herritarrengandik eta eragileengandik gertu lan egin nahi dutela. Izan ere, irmoki sinesten dute Pasaiarentzat eta pasaitarrentzat onena zer den erabakitzeko modu bakarra, herritarren parte hartzea bultzatuz dela.
Aitortu dute, pasatako urtean zehar hainbat aurrerapauso eman direla, baina udal gobernuak “inolako ekimen propiorik” gabe jarraitzen duela uste dute. Hala, pasaitarren bizitza eta beharrak erdigunean jarriko dituzten akordio eta erabakietan parte hartzeko asmoa aldarrikatu dute.
Dena dela, Pasaia beti kanpoko erakundeek hartuko dituzten erabakien zain dagoela uste dute koalizioko kideek, “ez dugu ikusten udalean inongo ekimen propiorik dagoenik”, eta adierazi dute udal gobernuko taldeek (PSE-EE eta EAJ) ez dutela udala ulertzen “elementu aktibo” gisara. Horren adibidetzat, barrutiz barruti hainbat adibide jarri dituzte.
Trintxerpen, Adinberriren terrenoen planeamendua “oraindik” eztabaidatzen ari dela azaldu du EH Bilduk “aldundiak hala eskatu zigulako”. Hartara, alderdi subiranistak uste du logealdi honetan ez dela egitasmoa garatuko.
San Pedroko lonjaren lanak “izugarrizko atzerapenarekin” doazela adierazi du, “Pasaia eta bereziki sanpedrotarrak beste erakundeek erabakiko dutenaren zain daude”.
Donibanen, deitoratu dute bertako ur saneamendu azpiegituraren egitasmoa “etengabe atzeratzen” ari dela, “eta dugun informazioaren arabera, berriz ere atzeratuko da”.
Antxon, topoaren lurperatzearen atzerapenaren errua gobernu taldea osatzen duten alderdiena dela uste du EH Bilduk, “Donostiako pasantea lehenetsi zuten, eta orain topoaren lurperatzearen alde daudela saldu nahi digute”. Antxoko Tren Geltoki Berriaren plataformak egindako proposamenarekin antzekoa gertatuko dela uste du koalizioak, “AHTaren obrak lehenetsiko dira, eta herri proposamena albo batera utziko da luzaroan, hori egiteko esperantza handirik gabe”.
“Aurrerapauso txikiak”
EH Bilduk nabarmendu du azken asteetan “aurrerapauso txikiak” eman direla hainbat arlotan. Udal gobernuarekin ados jartzea zaila izan zaien arren, “azken bolada honetan” hainbat neurri erdietsi dituztela. Hala, COVID-19aren eragin ekonomikoa apaltzeko neurriak hitzartzerako garaian elkarlana izan dela adierazi du koalizioak, eta San Pedroko Torreatzeko gaiari, eta Donibanen dauden hainbat arazori irtenbidea emateko sortu diren lantaldeak balioan jarri ditu. “Akordio puntualak badira ere, gure esperantza da akordio horiek zabaldu eta beste alor batzuetara ere eramatea”.