Lezoko Josetxo Etxandi Pilota Txapelketa bertan behera uztea erabaki dute
COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen osasun eta segurtasun baldintzak betetzeko zailtasunengatik, lehia ez jokatzea erabaki da. Aurten txapelketaren 45. urteurrena ospatuko zen.
Aurten Lezoko Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldia jokatzea zegoen aurreikusita, baina Koronabirusak pilota lehiaren 45. ekitaldia egitea galarazi du. Antolatzaileek (Allerru Pilota Taldeak) iragarri dutenez, “baldintza asko eskatzen dizkigute” herritarren osasuna eta segurtasuna bermatu ahal izateko, eta horiek bete beharrak “txapelketa on bat” egitea oztopatuko lukeela adierazi dute.
Lehia uztailetik irailera bitarte jokatu ohi da Lezoko pilotaleku irekian, (Goiko Plazan), eta eguraldiak laguntzen ez duenean, txapelketa Bekoerrota kiroldegiko pilotalekura lekualdatu ohi da, Koldobike Gezala frontoira. Josetxo Etxandi “txapelketa herrikoia” da, hau da, lezoarrak dira parte hartzen dutenak; azken urteetan 60 gaztetxo eta 70 heldu inguru animatu dira jokatzera (emakumezkoak zein gizonezkoak).
Pilota goxoarekin jokatu ohi dute, parte hartzea bultzatzea baita txapelketaren helburu nagusietariko bat. Urtero, giro aparta sortzen da herrian txapelketak irauten duen egunetan; tamalez, hurrengo batera arte itxaron beharko dute aurten Lezoko pilotazaleek. Ziur, hurrengo edizioak ez duela inor epel utziko!