«Egungo sistema errotik aldatzeko gonbita da ‘Sano erradikal’»
Hogei urteko isilunearen ondoren, ‘Sano erradikal’ poema liburua argitaratu du Diazek. Emakume ahotsa duen euskarazko poesiarekin iraultzara deitu du idazleak, irri kolektiboa soinean hartuta.
Libururik argitaratu gabeko isilune luze baten ondoren, Sano erradikal poema liburua argitaratu berri du Isa Diaz Lopez idazleak (Laudio, 1966). Laudioko Ugarte auzoko familiaren etxean sortu zen, baina Errenteria-Oreretan bizi da. Bi sari garrantzitsu irabazi ditu Diazek bere idazle ibilbidean: Ernestina de Chaumpourcin saria 1994an, eta Irun Hiria saria lau urte geroago.
Sarien garai berean bi liburu argitaratu zituen, eta hainbat poesia bildumatan jaso dituzte bere hainbat poema. Ibilbide horretan, mugarri berria da Sano erradikal liburua. Iraultzarako deia, ahalduntzerakoa emakume baten begietatik; eta mundua iraultzeko gako ezinbestekoa identifikatu du: irribarrea, irri kolektibo eta sendagarria. Poesia bere funtsean, emakume baten ahotsarekin, eta euskaraz. Hausnarketarako, norbere berrikusketarako eta egungo sistemaren oinarriak printzatzeko gonbita da Diezena, errima artean.
Sano erradikal poema liburua argitaratu berri duzu Alberdania argitaletxearekin. Zer kontatu duzu bertan?
Egungo sistema, bizi dugun hau errotik aldatzeko gonbita da liburua. Heteronormatibitatearen etikatik festa giroan askatzeko deia da nire poesia hau. Iraultzarako deialdia da Sano erradikal, eta ospakizunerako, elkartzeaz gozatzeko deia.
Emakumeei begirako liburua da, haiek dira hartzaileak?
Aurten euskaraz, eta konfinamendu garaian zehazki hainbat liburu argitaratu dira, eta egileak gizonezkoak izan dira. Gizon bati inoiz ez zaio halako galderarik egiten. Zerbait zehatzarekin lotzen dut nik egoera hori, gizona izan da, eta egun jarraitzen du izaten gauza guztien neurria, berak idatzi du historia, bera da protagonista eta berak definitu du mundua, eta hori egin dute unibertsal. Beste erdiaren ahotsa, horrenbestez, emakumeena, isilarazi eta baztertu egin dute, gutxietsi eta izango ez balitz bezala egin dute.
Emakume batek iniziatiba hartu, ahotsa jartzen duenean, liburua idatziz, eta ematen duenean bere munduaren ikuskera beste hitz batzuekin definitzen saiatuta, hori ez da jada unibertsala, hori emakumeen begirada da, beren kontua. Nire liburuan horretatik asko dago. Gure zapalkuntza, genero eta sexu zapalkuntza, munduko bazter guztietan, kultura guztietan ematen da. Milaka urte daramagu horrela, eta borrokan aldi berean, horren guztiaren isla dago hor.
Nik idazten dut emakume bat naizen aldetik, gizon batek egiten duen bezalaxe, baina berea unibertsala da, eta gurea, emakumeona, ez.
Emakume begiradatik eta ahotsetik idatzia, baina irakurleak, unibertsalak beraz.
Bai noski, edozeinek irakurtzeko idatzitako liburua da.
Gizartea errotik aldatzeko deia egin duzu zure poemetan. Zein da aldaketarako bidea?
Bestelako mundua zilegi da, eta egin behar dugu. Sufrimendua itzela da, argi dago sistema kapitalista, patriarkal eta neoliberal honek hondamendira garamatzala, hori horrela da, eta mundua eta sistema gizonek eraikia da, bere interesak mantentzeko. Errotik aldatu behar da eta hasi behar gara gure arteko harremanetatik.
Liburu hau egun bizitzen ari garen egoera berezi hau guztia hasi aurretik amaituta nuen, eta bertan jaso nuen bizitzak erdigunera ekartzeko beharra. Pandemiarekin, ideia horrek are indar handiagoa hartu du. Elkar zaindu egin behar dugu, gure sistema honek indibidualismoa eraman du gradu gorenera eta ‘autonomoak gara, independenteak, ez dugu inoren beharrik’ dio… Hori gezurra da, denok dugu elkarren beharra, elkar zaindu, elkar maitatu eta elkar onartu egin behar dugu. Hori guztia egin ahal izateko errotik aldatzea suposatzen du; sistema honen helburu nagusiena etekin ekonomikoa da, kapitala da garrantzitsuena, bizitza bost axola zaie. Aldatu behar dugu, sistema honen oinarrian dagoena biolentzia delako eta horrek ekartzen du mina, sufrimendua, bestearen zapalkuntza, bazterketa eta esplotazioa arlo guztietan. Hori guztia jaso dut nire liburuan.
Pandemia garaian ikusi du argia zure liburuak. Nahi bezala aurkeztu eta ospatzea zaildu du egoerak?
Bai, gustura nago aurkeztu dudan moduarekin. Egoera gorabehera, liburua plazan ikusi nahi nuen, eta honek ekarri duena izan da liburua ere itxialdian egon dela gu guztiak bezala, konfinamenduak harrapatu zuen inprimategian eta hor egonda, eta aurrera egin duenean, liburuak ere egin du bidea. Gustura nago.
Liburuak sinatzen ere aritu zara Mirentxu liburu dendan. Nolakoa izan da esperientzia hori?
Ederra benetan. Oso ideia polita izan da. Aurkezpen ofiziala Donostiako udal liburutegi nagusian izan zen, eta horretaz aparte beste bi aurkezpen egitea pentsatu nuen, bata Oreretan hemen bizi naizelako, eta bestea, Laudion nire sorlekua delako. Beste gauza bat ere argi nuen: Oreretako aurkezpenak Mirentxu liburu dendan behar zuela, hemen bizi naizenetik bertan erosten ditudalako liburuak, eta gainera, oso denda xarmagarria iruditzen zaidalako.
«Mundua eta sistema gizonek eraikiak dira, beren interesak mantentzeko»
«Elkarren beharra dugu; elkar zaindu, elkar maite eta elkar onartu behar dugu»
«Jende gutxik irakurtzen du poesia, literaturaren ahizpa txikia da»
Aurkezpena ezinezkoa egin du COVID-19ak, eta orduan erabaki nuen liburuak sinatzea kanpoaldean, mahai bat jarrita distantzia fisikoa mantentzeko eta maskarak erabilita. Liburuak sinatzeko ekitaldiaren prestaketa auzolana izan da: lagun batek marka orriak, eskuz egindakoak, eman zizkidan jendeari oparitzeko; beste lagun batek etxeko loreak ekarri zituen; Tejemaneje dendakoak loreontzia utzi zidan; Amatxi kafetegiak utzi zizkidan aulkiak; beste lagun batek etxean masusta marmelada egin zuen eta pote batzuk ekarri zizkidan oparitzeko; Mirentxu liburu dendako Edurnek etxetik hortentsia ederrak ekarri zituen; eta Mendi Urruzunori ere esan nion etortzeko, liburua sinatuta oparitzeko, argazkiak berak egin dizkidalako, eta egun horretako argazkiak ere egin zituen… Oso polita izan da. Liburu batzuk saldu eta sinatu ere egin nituen. Poesia izateko ez dago batere gaizki, oso jende gutxik irakurtzen ditu olerkiak, literaturaren ahizpa txikia da. Poesia eta gainera euskaraz…
1996an argitaratu zenuen zure lehenengo liburua, Ura badoa maldan behera; eta 1999an bigarrena, Ontzi iluna. Zure poesiak hainbat liburu kolektiboetan jaso dituzte eta sariketak ere irabazi dituzu. Azken liburutik, etenaldi luzea izan duzu argitalpenei dagokionean.
Bai, hogei urte izan dira libururik argitaratu gabe, idazten jarraitu dudalako, baina ez dut argitaratu. Arrazoi bat baino gehiago dago atzean, eta uste dut hori ere lotuta dagoela emakume izatearekin. Ez lehenengo liburuak, ez bigarrenak, ez zuten inolako interesik jaso kritikaren aldetik. Emakume idazlea, poesia eta euskaraz… Ez dut bide publikoa zabaldu, ez dut kolaboraziorik egiten egunkarietan, edo literatura aldizkarietan, edota nire poemak ezagutarazi beste bide batzuetatik, eta dezepzio modukoa izan nuen. Plano pertsonalean ere etapa gogor eta luzea bizi izan nuen garai horretan, eta buelta ematea asko kosta zitzaidan.
Arrazoiak asko dira. Urte asko eta asko izan dira idatzitakoa inori erakutsi gabe, inorekin partekatu gabe eman ditudanak.
Film bat ikusten esaldi bat entzun nuen, eta erabat identifikatu nuen nire burua. Aita batek alaba gazteari esan zion: «Badakit zuk zer sentitzen duzun, barruan daukazuna munduarekin konpartitu nahi duzu eta munduari bost axola zaio zer duzun zuk esateko». Nire burua islatuta ikusi nuen. Zuk baduzu zer eman, zer esan eta besteei bost axola. Faktore asko izan dira.
Ijiji. Izenburu hori jarri nahi zenion liburuari, baina editorialak egungoa aholkatu zizun. Zer dago oihu horren atzean?
Emakumeen arteko konplizitate keinua da. Editoreak bete-betean asmatu duela esan behar dut ezer baino lehen, Sano erradikal izenburua oso indartsua delako; orain pozik nago izenburu horrekin. Bizitza oso gogorra da, aurrera egitea zaila da, eta aurrera egiten dugu maite digutenei esker, lagun eta familiari esker; guk bakarrik, norbanakoak, zaurgarriak gara. Gogorra bai, baina ederra ere bada bizitza.
«Argi dagoena da, zerbait iraultzailea badago, hori irribarrea dela»
«Poesia irakurtzeak beste irakurketa modu bat eskatzen du, beste ‘tempus’ bat»
«Eraldaketak eta iraultzak, konpromisoa eskatzen dute»
Argi dagoena da zerbait iraultzailea badago, hori irribarrea dela. Grafikoki gure sistema heteropatriarkalaren irudia gizona da, heldua, zuria, serioa, gorbataduna, trajeduna. Eta desarmatzen duena da irria, ezin dute eraman.
Ijiji hori da, konplizitatez betetako oihua; oihu bat esateko taldea garela, komunitatea garela, elkar zaindu, elkar maite, elkar onartu behar dugula. Ijiji hori ere bizipozarekin, barrearekin lotuta doa. Gu zapaltzeko eta alienatzeko triste nahi gaituzte, esperantzarik gabe, ‘zer egingo dugu, dagoena da’ esaten, baina ez da horrela, asko egin dezakegu. Pertsona bati, herri bati, komunitate bati esperantza bera kentzen badiozu, akabo. Oso garrantzitsua da, beraz, indar hori izatea, eta badugu; horri diote beldurra.
Feminismora ekarrita, aitakeriarik ez dugu nahi, guk aldarrikatzen dugu erdigunea, gure bizitzen jabe eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu eta defendatuko gara; beldurra espaloiz aldatzera doala diogunean, orduan, feminaziak bihurtzen gara. Haien pribilegioak kolokan ikusten dituztenean maskarak erortzen dira eta erakusten dute direna eta daukatena. Samurtasuna, goxotasuna, irria da aurre egiteko bidea.
Garai zailak dira poesiarentzat?
Ez ez dut uste garai zailak direnik poesiarentzat. Zein zentzutan diozu?
Zaila da irakurleek aukeratzea poesia irakurtzeko, beste genero batzuen aurrean. Esklusiboagoa da poesia. Itxura hori izan dezake askorentzat.
Euskara eta euskal literatura irakaslea nahiz DBHn eta Batxilergoan. Horri esker, eta liburua argitaratu dudanean, jende asko etorri zait esanez poesia ez duela inoiz irakurri, eta euskaraz are zailagoa zaiela. Ikasleekin gauza bera gertatzen zait. Orduan esaten diet, ‘ez zarete konturatzen, zuek poesia egunero kantatzen duzue’. Poesia irakurri agian ez, baina kantatu, kantatzen dute. Kanten letrak asko eta asko poesiak dira, poesia musikatuak dira pila bat… hori da poesia.
Zaila den? Zaila ez dut esango, poesia irakurtzeak beste irakurketa modua eskatzen du, ezin duzu nobela baten moduan irakurri, beste tempus bat, beste pausa bat, beste modu bat eskatzen du. Landu behar dugun gauza bat da. Bizi garen gizarte honetan poesia zertarako? Bada bizitzeko, arnasteko. Jo dezagun erroetara. Aldaketak, eraldaketak eta iraultzak, konpromisoa eskatzen dute, eta norberaren errebisioa. Korrontearen kontra joatea oso gogorra da, eta zaila. Liburu bat idazteak, poesia bat idazteak garrantzi handia izan dezake, aldarrikapen kantu bat abesteak bezala. Poesia bada eraldatzailea, bada iraultzailea.
Zergatik irakurri behar da zure liburua?
Eta zergatik ez?
Proiekturen bat duzu esku artean, aurrera dezakezu zerbait?
Bai, beste proiektu bat dut esku artean eta dena ondo bidean berehala amaituko dut. Gero argitaletxeren batek argitaratzen duen ikusi beharko dugu.
Bestelakoa da,epe laburrean espero dut argia ikustea proiektu horrek; ez dut gehiago aurreratuko.