[Erreportajea] Herriko bazterrez eta hizkuntza paisaiaz gozatzeko uda
Abuztuan zehar, hainbat egitasmori esker, are erakargarriagoa izango da Oiartzungo uda. Hizkuntza, paisaia, historia, abentura... Oso-osoa da herritarrek duten aukera.
Larrialdi egoerak eragindako mugikortasun baldintzek etxe ondoaz gozatzeko aukera ezin hobea suposa lezakete. COVID-19aren osasun krisia, berrasmatzeko, eta garai latzei alderik onena ateratzeko baliatu dutenak badaude inguruan.
Ildo horretan, inguruko bazterrak balioan jartzeko, euskal identitatea indartzeko eta gurera datorrenari hemengo altxorrak erakusteko xedez abiatu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) Bertatik bertara kanpaina. Hego Euskal Herriko 61 udalerri hartu ditu barne iniziatibak, haien artean dago Oiartzun. Bertako hamar establezimenduk erabaki dute Bertatik bertara-rekin bat egitea.
Udalaren ustez, Oiartzunek beste tokietan topatzea zaila diren aukera anitz eskaintzen ditu, azken 50 urteetan izandako bilakaerak «bestelako paisaia» eta, honen barne, «hizkuntza-paisaia» utzi duelako herrian. Oiartzuerak kalea hartzen du, eta bertako txokoak bisitatuz hizkuntza ez ezik, herriaren ondarea ere balioan jartzen da.
Horrelako iniziatiba bat arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa. Arduradunek oiartzuarrei deia luzatu diete bertatik bertara goza daitekeena ikertzera ausar daitezen: Ugaldetxo eta Karrikako errotak; Erdi Aroko Beloaga gaztelua, Gurutze auzoan; jatetxeak; landa-etxeak; igerilekuak… Ia denetik du herriak uda gozo-gozo bat igarotzeko.
Oiartzunek, beste herrietan topatzea zaila den hizkuntza paisaia dauka
Bestalde, herriko bazterrak ezagutzeko hainbat iniziatiba abiatuko dira abuztuan, haien artean, Arditurriko meazuloetara, asteazkenetan, heltzen den Tren Berdea; edota bertako parketxean igandeetan antolatzen diren orientazio jolasak.
Aukerak
Lehen aukerak, Done Eztebe plazatik 10:00etan eta 11:15ean abiatzen den 45 minutuko ibilbide paregabea eskaintzen du, meatze gunerako sarreraren prezioa barne hartzen duena: 10 euro helduentzat; 8 euro 65 urtetik gorakoentzat, 5-12 urte artekoentzat eta hamar lagun baino gehiagoko taldeentzat; 3 euro 1-4 bitartekoentzat.
Bigarrena, abenturaz josiriko asteburu ezberdina igaro nahi duten familientzako aukera bikaina da, Iparra galdu gabe izenpean. Abiapuntua Aiako Harriko sarrera da, eta irteerak 20 minutuero daude, 10:00etatik 12:00etara (3 eurogatik eros daitezke sarrerak).
Esandakoez gain, Oieleku inguruko kultura-paisaiek naturaren eta kulturaren arteko loturatik jaiotako ondareari buruz ikasteko aukera paregabea eskaintzen dute. Luis Mari Zaldua Etxaberen eskutik bisita gidatua antolatu dute abuztuaren 8rako, 5 euroko prezioarekin (partaideak 12 urtetik gorakoak izan behar dira). Bi kilometroko ibilbidean zehar, gizakiak eraldatutako inguruen berri emango du, besteak beste. Finean, bioaniztasunaren gordailu eta iraganeko ohituren isla den altxorraren barrenetara bidaia gidatuko du.
Aipatutako egitasmo guztietan aurretik izena ematea derrigorrezkoa da, antolatzaileen webguneen bidez (oarsoaldeaturismoa.eus webgunean informazio bateratua dago) edota bertan topa daitezkeen telefonoetara dei eginaz. Oiartzungo Turismo Bulegora deituz ere (943 50 89 13) lor daiteke informazioa. Aldi berean, osasun eta segurtasun neurriak bermatu beharko dira beti, hala nola, musukoaren erabilera.