‘Herribirusak’ kutsatutako komunitatea, iruditan
Herritarrek pandemia nola bizi duten jaso du Mendi Urruzuno argazkilariak bere argazki kamerarekin. ‘Herribirusa’ proiektua da emaitza; bihartik irailaren 13ra arte ikusi ahalko da kalean.
Konfinamendu oparoa izan du Mendi Urruzuno argazkilari oreretarrak. Kamara soinean —banaezinak dira biak— COVID-19ak sortu dituen egoera eta agertoki ezberdinak fin jaso ditu, herri kontaketa bere ikuspegitik, objektiboa tarteko, egiteko. Konfinamendu garaian sortu zuen Herribirusa. Lo egin ezineko gau ugariren emaitza dela esan du argazkilariak. Orain, herriari itzuliko dio, berea baino, kolektiboa sentitzen duen lanaren emaitza. Bihar izango da, Erdialdeko hainbat txokotan egingo duen erakusketarekin.
«Nire lana erakutsi nahi nuen galdetzeko deitu zidatenean gustura hartu nuen proposamena», esan du harrituta eta eskertuta, «argazkilariok izaten dugun arazoetako bat baita gure lana erakusteko espaziorik ez dugula izaten, eta udalaren deia jaso nuenean nire argazkiak, nire proiektua erakutsi nahi nuen galdetzen, ikaragarria izan zen. Luxu bat, nire herrian erakutsiko dudalako, gainera».
Xenpelar Etxean egin behar zuen hasiera batean erakusketa Mendik, «baina berehala ohartu nintzen nuen material guztiarekin aretoaren hiru solairuak ere ez nituela nahikoak izango». Orduan jaso zuen beste proposamena, erakusketa kalean egitea proposatu zion udalak: «Sekulakoa izan da. Kaleko argazki erakusketen oso zalea naiz eta ikaragarria iruditu zitzaidan. Lan hau gainera, ez dut nirea bakarrik sentitzen, herri bezala ikusi eta erretratatu dut. Oso kolektiboa sentitzen dut eta ilusio berezia egiten dit, herritarrentzat eta herriarentzat omenaldi bat izan daiteke, txikitik bada ere». Papresako zubitik hasi eta Iztietako zubiraino hemezortzi espazio ezberdin aukeratu ditu, Erdialdean barrena, tamaina ezberdineko 50 bat argazki erakusteko.
11 ataleko proiektua
Herribirusa proiektua osatzen duten argazkietan denetarik dago: «Kale hutsak atera nituen pandemia hasieran, oso estetikoak iruditu zitzaizkidan baina gogorra ere izan zen, eta ez zidan betetzen. 700. urteurrenaren ospakizuna heldu zen ondoren; hori bai hunkigarria, jendea balkoi eta leihoetan eta Zentenarioa…». Harrituta eta hunkituta gogoratu du sentitu zuena alderik aldeko irribarrearekin: «Jendeak herri sentimendua bizitzeko zuen modua uki zitekeen. Udaletik aipatu zen nitik gura pasatzeko ideia, eta hori izan zen ikusi nuena: herri osoa leiho bakarra zen, herriari emana».
Une horretan erabaki zuela herritarrek pandemia nola bizitzen ari ziren jasotzea. «Emozioak jasotzea erabaki nuen ordea, hausnarketa ere egin nahi nuen gertatzen ari zenaz eta gertatzen ari zen moduaren gainean». Horren emaitza da 11 atal dituen Herribirusa proiektua, eta haurrek leku zentrala hartu dute. Arrazoia azaldu du argazkilariak: «Sekula ez zaie galdetzen, zer esan handia badute ere».
Marrazki bidez pandemia, sentitzen zutena, sentitzeko modua adierazteko eskatu zie hainbat haurrei: «Marrazki ederrak egin dituzte benetan eta horiekin beste mosaiko bat egin dut: Kolorebirusa». Gauez ateratako argazkiak, pandemiak lehen lerrora ekarritako objektuekin osatutako natura hilak, Herritratuak seriearen barruan maskara soinean duten herritarrei egindako erretratuak, komunikabideek zabaldutako mezu eta objektuekin osatutako mosaikoa, lurrean botatako eskularruak, edo konfinamenduaren gogorrenean zaindu eta elikatu gaituztenei dedikatutako serieekin osatu du proiektua.
Argazkilaritza bizitzaren kontaketa egiteko beste modu bat dela esan du Urruzunok: «Ohiko ikuspuntuaz harago, begiratzeko infinitu era dago, eta horretara gonbidatu nahi ditut herritarrak nire argazkien aurrean jartzen direnean. Bizitza beste modu batez begiratzea da kasik. Ez dut gustuko gauzak asko definitzea, irekiak uzten ditut, beti dago zirrikituren bat, ikusle bakoitzak bere ikuskera ezar dezan».
Esker mezua herritarrei
Argazkilariak eskerrak eman dizkie herritarrei, berea zena, «gurea» egitea lortu dutelako. «Beste ezer eskatu gabe gerturatu da jendea, argazkietan azaltzeko prest. Horrekin batera, konplize txiki asko izan ditut inguruan».
Erakusketari buruz datu gehiagorik ez du eman nahi izan: «Sorpresa izan nahi duelako. Aurrera dezaket proiektua erakusteko aukeratu ditudan guneetan, argazkia eta espazioen arteko elkarrizketak sortu ditudala, baita materialak aukeratzerakoan ere». Ezer ez da ausazkoa, eta zehatz neurtu du erabaki bakoitza agian hain ezagunak ez diren Errenteria-Oreretako txokoak erakusteko.
Haurrak protagonista izango dituen serieak bere txoko propioa izango du: Foru Plaza. Haurren argazkiak ikus daitezke, begiak zabal-zabalik dituztela.
Irailaren 13ra arte izango da erakusketa bisitatzeko aukera. Jendearen iritzia ere jaso nahiko luke, nola edo hala. Proiektua ez dela horrekin amaituko dio: «Dena ukitzeko aukera dudan arte ez dela bukatzen uste dut, eta erakusketa hau, Herribirusa proiektua liburu bihurtzea asko gustatuko litzaidake».