«Kulturaren sektorea suspertzen laguntzea da helburua»
Abuztu eta iraileko asteburuetako gauetarako kultur egitaraua antolatu du Lezoko Udalak, Kilometro Lezo egitasmoarekin. Herri Eskolan izango dira saio guztiak.
Kilometro Zero izenburupean, hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu Lezoko Udalak abuztuko eta iraileko gauetarako. Horren gaineko xehetasunak eman ditu Kultura zinegotziak.
Kilometro Lezo. Zein da kultur egitarau horren helburua?
Kultur egitarau honen helburua da, lehenik eta behin, hain kolpatuta ikusi den kulturaren sektorea suspertzen laguntzea. Izatez, nahiko ahula den sektorea da, beraz, imajina dezakegu krisi honek nola kolpatu duen sektorea.
Bestetik, herriak berezkoak diren alaitasuna eta poza berreskuratzeko tresna bezala erabili nahi dugu. Jendeak zerbait behar du: jai guztiak bertan behera gelditu dira eta gure aisialdia zentzu askotan mugatua ikusi dugu. Beraz, oso egoki ikusi dugu abuztuan era honetako ekitaldiei bultzada bat ematea, sektorea erreaktibatzen laguntzen dugulako eta herriari aisialdirako aukerak eskaintzen dizkiogulako.
Euskal Herriko sortzaileak lehenetsi dituzue. Zergatik?
Lehen esan bezala, sektore hau suspertzen laguntzea ezinbestekoa da. Hortik hasita, gureak diren sortzaileak lehenestea beharrezkoa zela ulertzen genuen. Guk geuk ez badiegu Euskal Herriko kultura sortzaileei laguntzen, jai dugu. Gainera, horiek dira gure ondare kulturala eraikitzen dutenak.
23:00etan dira emanaldiak, gauez. Formatu berritzailea da, ezta?
Bai, zeharo. Ideia oso sinplea da: zuk zeuk bila ezazu eguneko plana (hondartza, mendia…) eta guk jarriko dizugu gauekoa. Eta dohainik.
Udaran gaude, gehienak oporretan, eta normalean, eguraldia lagun baldin badugu behintzat, egun osoan kalean egon eta gero, ez dugu etxera bueltatu nahi, beti saiatzen gara eguna gehiago luzatzen. Eta hori da ideia. Eguneko plana egin ondoren, Lezora etorri, afaldu edo otartekoa hartu, eta emanaldira joan.
Azken traka Lezoko eragileekin prestatu duzue. Herriko talde eta eragileei tokia ematea garrantzitsu zela uste duzue. Zergatik?
Garrantzitsua baino, ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Lezok hainbat seme-alaba kuttun ditu, Lezoko eta Euskal Herriko ondare kulturala handitzen lagundu dutenak. Gure erantzukizuna da egungo eragileak zaintzea eta, nola ez, era honetako ekitaldietan parte hartzea. Honekin ere, aipatu etengabe gaudela herriko eragileekin hitzarmen berriak sortzen edo, indarrean daudenak, berritzen.
Segurtasun neurriak ezarri dira. Horiek jarraitzea ezinbesteko da, ezta?
Hala da, bai. Hasteko, sarrerak eskuratzeko online edo kultura bulegoan egitea egongo da, nahiz eta Internet bidezko bitartekoak lehenetsi nahi ditugun. Gero, lekuan bertan, denok eraman beharko dugu musukoa eta gel hidroalkoholikoa eman. Horretaz gain, hiru zonalde egongo dira esertzeko eta akomodadore edo aretozainak egongo dira laguntzeko. Gainera, komunetan ere egongo da pertsona bat desinfekzio lanetan. Aretotik, Herri Eskolako patiotik, hain zuzen, denak batera ez ateratzeko deia egingo da. Ekitaldia bukatzean, eserlekuak ere desinfektatuko dira.
Egitaraua (emanaldi guztiak 23:00etan dira, Herri Eskolako jolastoki estalian)
abuztua
- 14, ostirala. Haatik dantza konpainia pasaitarraren Errimak bi oinetan ikuskizuna.
- 15, larunbata. Maria Berasarte donostiarraren kontzertua, Lurra eta bidea disko berria aurkezteko.
- 21, ostirala. Markeliñe antzerki taldearen Crusoe antzezlana.
- 22, larunbata. Tenpora pop eta jazz talde tolosarrak Itzulika lana aurkeztuko du.
- 28, ostirala. Trapu Zaharra antzerki taldearen Turistreatzen lana.
- 29, larunbata. Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldearen kontzertua.
iraila
- 4, ostirala. Murixka Dantza Taldearen emanaldia
- 5, larunbata. Tomas Garbizu Musika Eskolako Ordu Txarra, Jaig eta Gotzen rock taldeen saioa.
- 26, asteazkena. Orratx! antzerki taldeak Bernarda Albaren alabak obra taularatuko du.