Pasaiako Portuaren «noraeza» agerian gelditu da EH Bildurentzat
Azken dimisioak direla-eta arduragabekeria» egotzi dizkie koalizio abertzaleak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.
Pasaiako Portu Agintaritzaren «noraeza» argia da EH Bildurentzat. Hori da Felix Garziandia presidentearen eta Cesar Salvador zuzendariaren dimisioek agerian utzi dutena, koalizioaren arabera, eta portuko kudeatzaile nagusiak egin ditu egoeraren errudun: Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.
Arazoa, gainera, hainbat alorretan ikusten du Pasaiako EH Bilduk. Batetik, datu ekonomikoetan, eta bestetik, inguruko herritarrekiko jarreran. Herritarrak Antxoko neurgailuaren zain jarraitzen dutela gogorarazi du koalizioak, eta harago ere jo du salaketarekin: «Lonjaren atzerapena urtetan eta milioi eurotan zenba dezakegu, atzerapen horren bertsio ofiziala ‘estolderiarekin lotutako arazotxo bat’ izaten jarraitzen badu ere, eta honen azpian egina dagoen aparkalekuaren erabilera herritarrei ukatzen jarraitzen zaien bitartean».
Era berean, «portuaren lurrak» direla argudiatuta agintaritzaren jarrera gogor kritikatu du EH Bilduk, adinekoen egoitzaren kasuan, «portuak La Herreran bertan pabiloi berriak bata bestearen atzetik eraikitzeko arazorik ez duen bitartean». Are gehiago, argudio bera erabilita Pasai Antxori urarekin lotura «ukatzea» eta udala auzitara eramatea Trintxerpeko alkateordetzaren edo merkatuaren eraikinengatik ere leporatu die bi instituzioei koalizioak.
Portu agintaritzak herritarrekiko «errespetua» erakusteaz gain, jarduera ekonomikoaren iraunkortasuna bultzatu beharko lukeela iritzi dio alderdiak, eta argi utzi nahi izan duenez, «agintaritza ez da izate abstraktu bat. Erakunde publiko bat da maila guztietako instituzio publikoek osatzen dutena eta non aginte nagusia Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duten».