Oielekuko mairu-baratzeak hobeto ezagutzeko parada Luis Mari Zalduaren eskutik
Harrespilen kultur paisaia ezagutarazteko xedez ibilaldi gidatua eskainiko du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko zuzendariak larunbatean.
Oieleku inguruko kultur paisaia xehetasunez ezagutzeko helburuarekin, ibilaldi gidatua eskainiko du Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendariak hilaren 8an, larunbatarekin. Oielekuko mairu-baratzeak, saroiak, zuhaitz lepatuak eta leku izenak hobeto ezagutzeko aukera izango dute bisitariek Zalduaren eskutik.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, ibilbide «erraza» izango da, «12 urtetik goitiko edozeinek egiteko modukoa». Hitzordua 10:00etan finkatu dute Kausoko aparkalekuan, eta hiru orduko ateraldia izango dela iragarri dute.
Izena emateko interesa duten lagunek ondoko posta elektronikoan, edo 943 49 50 69 / 688 89 50 89 telefono zenbakietan egin dezakete. Prezio orokorra bost eurokoa da.