Pasaiako tren geltokian irisgarritasuna bermatzeko proiektua esleitu du Adifek
Trenbide azpitik lotuko ditu bi nasak proiektuak, eskailera zein igogailuekin, eta geltokiko sarbideak hobetzeaz gain, eraikina berrituko dute espaloien arteko aldea konponduz.
Adif sozietate publikoak jakinarazi duenez, Pasaiako Renfe geltokiko irisgarritasun arazoak konpontzeko proiektua esleitu du dagoeneko. Helburua da, enpresaren arabera, trenbidearen bi aldeak lurrazpiko korridore batekin lotzea, eskailera eta igogailuekin, eta geltokiko eraikina mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokitu. Alegia, espaloien arteko desnibelekin bukatu eta herritar guztien sarbidea bermatu.
Halaber, intermodalitatea hobetze aldera, nasak luzatu eta zabalduko dituzte; bidaiariak babesteko markesinak jartzea eta gaur egun erabiltzen ez diren eraikin, azpiegitura eta elementuak eraistea ere aurreikusi du konpainiak. «Hiri eremuarekin integrazioa» bilatzeaz gain, «azpiegituren egokitzapenerako ezinbestekoak diren esku-hartzeak» egingo dituztela erantsi du Adifek.
Enpresak plazaratutako datuen arabera, 119.790 euroan (BEZ barne) esleitu zaio proiektua Ignacio Quemada Arquitectos estudioari, eta hori burutzeko zazpi hilabeteko epea aurreikusi dute.