Ondartxo pasealekua ireki dezaten exijitzeko elkarretaratzera deitu dute gaur
Puntetarako eta farolarako bidea berriz ere zabaltzeko protesta egingo dute arratsaldean. Pasaiako Udala, Pasaiako Portu Agintaritza eta «jabeak» egiten dituzte egoeraren errudun.
Pasai San Pedroko herritarrek Ondartxo pasealekuaren itxierarekin desadostasuna agertuko dute gaur arratsaldeko 20:00etarako deitutako elkarretaratzean. Puntetarako eta farolarako bidea berriz ere zabaltzea nahi dute, eta «hiru pertsona juridiko» egin dituzte egoeraren errudun: Pasaiako Udala, Pasaiako Portu Agintaritza eta «jabeak».
«Hesitutako herri batean bizi gara, eta gure arnasbide garrantzitsuenak ere itxi dizkigute orain», adierazi dute herritarrek idatzi baten bidez. Gaineratu dutenez, «bada garaia mahai berean eseri eta adostasunera iristeko». Areago, udalaren «utzikeria» salatu dute oharrean.