Donostia-Pasaia-Donostia proban lehiatuko da bihar Pasaia Kayak taldea
Goizean zehar jokatuko da Donostiako Klub Nautikoak urtero Euskadiko Koparen barruan antolatutako proba klasikoaren XVIII. ekitaldia.
Pasaia Kayak taldeak Donostia-Pasaia-Donostia itsas-kayak proba klasikoa jokatuko du bihar goizean, 10:30ean hasita, Nautikoan. Donostiako Klub Nautikoak antolatzen du proba urtero Euskadiko Koparen barruan, eta aurtengoa XVIII.a izango da dagoeneko.
Talde pasaitarrak hainbat baja ditu emakume zein gizonen artean, baina borrokatzeko asmoz itsasoratuko direla argi utzi du, eta aurreikuspenen arabera, «Zumaiako Itxas-Gain taldea, bereziki, eta Hondarribiko Amuitz Outrigger Kanoa Kluba izango ditu aurkari nagusiak lehia horretan».
Antton Araneta –Euskadiko Txapelketan laugarren postuan sailkatua– eta Iñigo Lois dira gizonezkoen K-1 senior mailan podiumerako lehian sartzeko aukera gehien izango duten ordezkari pasaitarrak, klubaren arabera. K-2 senior mailan, bestalde, ordezkaritza bikoitza izango dute pasaitarrek Carlos Jaffet eta Beñat Rodal gazteen eskutik.
Eguraldiari eta itsasoari dagokionez, hondoko itsasoa ez da nabarmena izango, nahiz eta ipar-mendebaldeko haizeak urak nahas ditzake. 13 kilometroko ibilbidea bete beharko dute lehiakideek, Pasaiako bokaletik itsas milia batera dagoen Rekalada izeneko buian egin beharko dute ziaboga.