Auto batek harrapatuta azkonar bat hil dela Jaizkibelen deitoratu du Eguzkik
Arrisku egoeran dauden EAEko ornodunen zerrendan egon ez arren, babestu beharreko espeziea dela uste du talde ekologistak, eta neurriak hartzera gonbidatu du Aldundia.
Auto batek harrapatuta azkonar bat hil dela Jaizkibelen jakinarazi du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohar baten bitartez. Arrisku egoeran dauden Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ornodunen katalogoan sailkatuta egon ez arren, babestu beharko litzatekeen espeziea dela iritzi dio taldeak. Egoera hauek ekiditeko helburuarekin, neurriak hartzera deitu du Gipuzkoako Foru Aldundia.
Errepideek zer nolako oztopoa suposatzen duten basa faunarentzako gogoratu du Eguzkik oharrean, eta animalien bizitza arriskuan jartzeaz gain, gidariek ere istripu bat pairatzeko probabilitatea dutela argudiatu du taldeak. Egoera ikusita, «premiazko neurriak» hartzera deitu ditu erakunde publikoak, eta bereziki Aldundia, «bera baita lurraldeko natura ingurunearen eta errepideen kudeaketaren arduraduna». Ildo horretan, sentsibilizazio kanpainak abiatzeko, leku jakinetan abiadura mugatzeko, edo gune beltzak zehazteko proposamena luzatu dio diputazioari, «faunaren presentziaz ohartarazteko».
Basa animalien biziraupenerako, istripuak ekiditeko, eta habitaten arteko konektibitatea eta bioaniztasuna babesteko neurri «eraginkorrak» izango liratekeela berretsi du talde ekologistak. Instituzioei gogorarazi dienez, «ezin dugu ahaztu, Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremua dela eta Natura 2000 sarearen barruan dagoela».