WikiBizi Errenteriak bisita gidatu berezia proposatu du larunbaterako
Euskal Wikilarien Elkarteak, TEKS sareak eta udalak ibilbide historikoa antolatu dute eta bertan ikasitakoa sarean partekatuko dute ondoren.
WikiBizi Errenteria dinamikak ibilbide historikoa egingo du larunbatean herrian zehar, eta ondoren, bisitan ikasitakoa amaraunean partekatzen ikasiko dute parte hartzaileek, Errenteria-Oreretaren inguruko informazio historiko guztia «munduaren esku egon dadin». Errenteriako Udalak, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta TEKS sareak elkarlanean antolatutako jarduera da, eta hilaren 15ean goizeko 10:00etan finkatu dute hitzordua, Herriko plazatik abiatuta.
Errenteria-Oreretaren inguruko ezagutza partekatzeko eta zabaltzeko helburua du WikiBizi Errenteriak, antolatzaileek azaldu dutenez. Wikipediaz gain, tankerako proiektuek eskainitako plataformak erabiltzen ere ikasiko dute parte hartzaileek.
Ibilbidea euskaraz egingo da, eta bertan parte hartzeko interesa duten lagunek ondoko helbidean izena eman beharko dute.