Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu udalak Auñamendi kalearen inguruan
Eskailerak konpondu eta eremu guztia lotzeko malda eraikitzeaz gain, zebrabide altuagoa egin dute Auñamendi kaleko bigarren zenbakiaren eta Saldise plazaren artean.
Auñamendi kaleko eskailerak egokitu dituela jakinarazi du gaur Lezoko Udalak, baita eremu guztia malda batekin lotu ere. Gainera, Auñamendi kaleko bigarren zenbakiaren eta Saldise plazaren arteko zebrabideari altuera handiagoa eman diotela erantsi du tokiko gobernuak.
«Joan den agintaldian abiatutako herri proiektuari jarraipena emanez, pertsonak ardatz hartuta, herriko irisgarritasuna hobetzea da udal gobernuaren lan ardatz nagusietako bat», azaldu dute udaletik, «lezoar guztiei egokitutako herria izan dadin».
Hala, datozen asteotan labaderoa izeneko ingurua egokitzen amaitzeko garbiketa lanak ere egingo dituztela adierazi dute.