Bi kutsatu berri izan dira Oarsoaldean
Positibo bana baieztatu du Osasun Sailak Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen. Lezok eta Pasaiak ez dute kasurik baieztatu azken 24 orduetan.
Koronabirusaren gaineko azken datu ofizialak ezagutarazi ditu Osasun Sailak, eta horien arabera, kutsatu berri bana dago Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen. Pasaian eta Lezon ordea, ez da positibo berririk zenbatu, areago, Pasaian ez da kasu berririk atzeman azken sei egunetan.
Aldaketa izan da, halaber, Osasun Sailak plazaratutako txostenean, eta birusaren transmisio tasaren berri ematen hasi da herriz herri. Hala, Errenteria-Oreretan %32,39koa da transmisio tasa; Lezon, %16,39; Oiartzunen, %38,64; eta Pasaian, %5,98. Pasaiak du beraz intzidentzia tasarik txikiena Oarsoaldean, eta Oiartzunek altuena.