'Errimak bi oinetan' ikuskizuna taularatuko du Haatik konpainiak etzi, Lezon
Dantza eta bertsolaritzaren arteko bidegurutzean jaiotako ikuskizunak Lezo Herri Eskolako patioa beteko du ostiral gauean.
Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan ikuskizuna eskainiko du etzi, ostiralarekin, Lezo Herri Eskolako patioan, 23:00etatik aurrera. Bertsolaritzaren eta dantzaren artean jaiotako proiektu artistikoa da ostiralekoa, eta Haatik-etik azaldutakoaren arabera, «konpainiak sormenezko lurralde berriak esploratzen jarraitzen du, eta oraingoan bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtzen du».
Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta hainbat bertsolari gehiagok sortutako errimekin dantza egingo dute konpainiako bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta besteak beste, Thierry Biscaryk eta Maddalen Arzallusek jarri diote ahotsa. Konpainiaren arabera, «bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea».
Emanaldia debalde den arren, gonbidapenak jaso beharko dituzte interesdunek.