Antxoko Auzo Elkartea Zumardian bilduko da, bihar, "herriko gazteak babesteko"
Azken astean jazotako gertakarien aurrean, Elkartea Gure Zumardia plazan bilduko da bihar 20:00etan, "herriaren defentsan" kalera atera ziren gazteei elkartasuna adierazteko eta Udalaren zein alkatearen "utzikeria" salatzeko.
Pasai Antxoko Auzo Elkarteak iragarri duenez, taldeko kideak herriko Gure Zumardia plazan bilduko dira bihar, osteguna, 20:00etan, pasa den ostiralean “herriaren defentsan atera ziren gazteei babesa emateko eta Antxok Pasaiako Udalaren eta bere alkate den Izaskun Gomezen partetik jasaten duen utzikeria salatzeko”. Udalak gertatutakoen aurrean oraindik “txintik esan ez duela” argi utzi nahi izan dute.
Azken asteetan herriko heldu zein adingabekoei izandako lapurretak nabari ugaritu dira Antxon, eta egoerak herritarren ezinegona piztu du. Segurtasun falta horri erantzunez, antxotar talde bat kalera atera zen pasa den ostiralean egoeraren aurrean herri-elkartasuna erakusteko eta herriko ahulenak “babesteko” asmoz. Ertzaintzak Antxoko gazte horiek geldiarazi eta identifikatu egin zituen.