Luzuriagako etxeetako trastelekuen arauz kanpoko okupazioa aztertu du udalak
Pasaiako Udalak iragarri du ezegonkortasun egoeran dauden pertsona batzuek okupatu dituztela lokalak. Gertaera hauek Antxon azken aldian izaten ari diren "istiluekin" lotura izan ote dezaketen aztertzen ari dira.
Pasaiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Luzuriagako etxebizitzetako trastelekuen arauz kanpoko okupazioa aztertu du; izan ere, “ezegonkortasun egoeran dauden pertsona batzuek” okupatu omen dituzte lokal horiek. Ildo horretatik, azken asteetan Pasai Antxon egon diren lapurreta eta bestelako segurtasun arazoak okupazio horrekin loturarik izan dezaketen aztertzen ari da udala.
Egoeraren aurrean, eta prebentzio neurri gisa, trastelekuen eta eraikineko sarbidearen sarrailak aldatuko dira; era berean, udal gobernuak argitu nahi izan du zaintza-neurriak indartzen ari direla, “berriz ere horrelakorik gerta ez dadin”. Izaskun Gomez alkateak bizilagunei euren iradokizunak aurkezteko deia egin die, eta adierazi du udalaren ateak zabalik daudela herritar guztientzat: “Gure babesa dute eta izango dute”.