Pasaiako tutoretzapeko etxeen egoera aztertzeko bilera eskatu dio alkateak Aldundiari
Azken asteetan Antxon izandako segurtasun arazoei erreferentzia eginez, barruti horretan tutoretzapeko bizitoki asko daudela adierazi du Gomezek, eta ezinbestekoa dela oreka bat mantentzea: "Pasaiak ezin du zama guztia jasan”.
Pasaiako alkate den Izaskun Gomezek premiazko bilera eskatu dio Maite Peña Gizarte Ekintzako diputatuari, “Aldundiaren tutoretzapeko etxebizitzetan bizi diren jatorri magrebtarreko pertsona batzuek sortutako egoera larria aztertzeko”. Udal buruaren arabera, Antxoko barrutian era horretako etxebizitza asko daude, “eta horietan bizi diren batzuek” segurtasun falta eta ezinegona eragin dute herrian.
Gomezek Peñari adieraziko dio tutoretzapeko egoitzak lurraldean barrena era orekatuan banatu behar direla eta kontrolak indartu beharra dagoela, herritarren ongizatea bermatu ahal izateko: “Pasaian ez da onartuko bizilagunen aurkako erasorik; eta gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugu, segurtasuna bermatzeko”. Alkateak argi utzi nahi izan du patruilen errefortzua aurreko astean jarri zela martxan, eta bere horretan jarraituko duela, egungo egoerak dirauen bitartean.