Eusko Trenerako igoera jokatzeko txartela lortu du Hibaikak
Irailaren 19an eta 20an jokatuko da kanporaketa.
Indarrez eta gogotsu joan da Hibaika asteburuan Castron (Kantabria) jokatutako bi estropadetara, eta helburua beteta itzuli da Errenteria-Oreretara: Eusko Tren Ligara igotzeko kanporaketan izango da. Asteburuan jokatu dira ETE Ligako azken bi estropadak eta Zumaiarekin izan du lehia estua Hibaikak. Larunbateko estropadan bigarren sailkatu ziren errenteriarrak eta Tolosaldearen atzetik —beraiek sailkatu diren lehenengo ETE Ligan—eta Ondarroaren aurretik. Atzoko estropadan, berriz, laugarren sailkatu ziren. Hala ere, bigarren postura heltzeko nahikoa puntu metatu ditu Hibaikak, 78, Zumaiari bakarra aterata.
Horrenbestez, irailaren 19an eta 20an jokatuko den Eusko Tren Ligara igotzeko kanporaketan izango da Hibaika. Zer gertatuko den jakiterik ez dago aurretik, ziurra dena, zera da, gogor lehiatuko direla errenteriarrak, hurrengo denboraldian Eusko Tren Ligan aritzeko.