Beraungo igogailuak egiteko 646.000 euroko diru laguntza jaso duela udalak esan du PSE-EEk
Jose Angel Rodriguezek "zehaztasun eta egiazkotasun falta" egotzi dizkio Otaegiren hitzei Beraungo igogailuen finantziazioari dagokionean.
Bi igogailu berri jarri zituen martxan udalak pasa den uztailaren 30ean Beraun auzoan. Zehazki, Beraun kalea Jesus Guridi kaleko 11. zenbakiarekin lotzen du lehenak, eta azken kale hori, Julian Lavilla kalearekin bigarrenak; batak zein besteak tarteko geltokiak dituzte. Martxan jarri zituzten egunean, Aizpea Otaegi alkateak jakinarazi zuen bi tramotako igogailu hori eraikitzeko, 1.171.997,29 euroko inbertsioa egin duela Errenteriako Udalak. Kopuru hori nola banatuta dagoen laguntzei dagokienean zehatz azaldu zuen alkateak: Gipuzkoako Foru Aldundiak, 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Eusko Jaurlaritzak 263.000 euroko ekarpena egin du irisgarritasuna errazteko laguntzen barruan. Gainontzeko 808.997 euroak, Errenteriako Udalak ordaindu dituela azaldu zuen Oategik.
Hori ez dela horrela dio PSE-EEk orain, igogailuak martxan jarri eta hilabete baino gehiago pasa denean. Jose Angel Rodriguezek “zehaztasun eta egiazkotasun falta” egotzi dizkio Otaegiren hitzei, “udalak %92an finantzatu zuela igogailua esan zuen, baina %40a baino zertxobait gehiago izan da ekarpena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun departamenduak 382.565 euroko ekarpena egin zuen eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza departamenduak 263.000 eurokoa”.
bestalde, udalean ordezkaritza politikoa duten gainontzeko alderdiak inaugurazio ekitaldira ez gonbidatu izana salatu du Rodriguezek