Madelon lehiaketan saritutako ipuinen bilduma osatu dute
'Madelon sariak. Ipuin sarituen bilduma ilustratua' aurkeztuko dute hilaren 16an, asteazkena, 19:00etan Merkatuzarren.
Madelon sariak. Ipuin sarituen bilduma ilustratua aurkeztuko dute hilaren 16an, asteazkena, 19:00etan Merkatuzarren. EHGAMek Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak 14 eta 25 urte arteko gazteei begira antolatutako literatur lehiaketaren sei deialdietan (2009-2018) saritutako idatziak dira liburu hori osatzen duten kontakizunak.
Errenteriako Udalak argitaratutako liburu hori LGTBI+ mahaiaren iniziatiba gisa sortu da, eta EHGAMen laguntzari esker.
LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ikusarazi nahi dute lehiaketaren bidez eta Santiago Vicente Altxu Madelonek EHGAMen militantzia osoan, 2006an hil zen arte, egin zuen lan garrantzitsua gogorarazi.
Errenteriako herritar guztien berdintasunaren aldeko borrokan ale bat gehiago izango da bilduma hori zalantzarik gabe, bereizketarik gabe eta sexu identitatea diskriminaziorako arrazoi izan ez dadin, “Xanti Altxu gure herrikidearen nahia hori izan baitzen, eta horretarako borrokatu baitzen”.
Argitalpena Errenteriaren 700. urteurrenarekin heldu da eta Aizpea Otaegik hitzaurrean aipatzen du herri gisa eta erakunde erantzukizunetik nondik gatozen ez ahaztea dagokigula, “oso gogoan izatea eskubideak etengabe defendatu behar direla, eta, horretarako, ezinbestekoa da zu bezalako erreferenteen memoria gordetzea”.
Aurkezpenean parte hartu nahi dutenek hilaren 14a baino lehen eman behar dute izena 943 449 610 telefono zenbakira deituta astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:30era, edo posta elektronikora mezua bidalita.