Koldo Mitxelena ikerketa bekarako lanak aurkezteko epea, zabalik
Lanak, Arkitektura edo Hirigintzari buruzkoak izan beharko dute, eta proiektua, ikerketa lana, eta memoria euskaraz burutuko dira.
Koldo Mitxelena Ikerketa Bekara lanak aurkezteko epea zabaldu dute. Aurten, Errenteria hiribildu gisa eratu zenetik 700 urte bete diren urtean, eta udalak martxan jarri duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenari keinu bat eginez, lanak, Arkitektura edo Hirigintzari buruzkoak izan beharko dute, eta proiektua, ikerketa lana, eta memoria euskaraz burutuko dira.
15.000 eurokoa da bekaren zenbatekoa, eta iraupena berriz, 18 hilabetekoa. Beka norbanakoek, nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Bigarren kasuan baina, zuzendari arduradun bat izendatu beharko dute. Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea urriaren 31 arte izango da zabalik. Oinarriak eta eskaera orriak, Errenteriako Udalaren web orrian, Herri Bizia atarian, Zu! Zure Udala zerbitzuan edo udal artxiboan eskura daitezke.