Pasaiako EH Bildu: "Antxok utzikeria instituzionala jasaten du"
Pasaiako EH Bilduk udalerriko utzikeria salatu du eta instituzioei eskatu die herria euren politiken erdigunean jartzeko. Alderdia auzo elkartearekin eta herriko gazteekin bideak irekitzen ahaleginduko da.
Pasaiako EH Bilduk azken astetan herrian jazotako hainbat jazarpenek taldea kezkatzen dutela jakitera eman du. Salatu nahi izan dute urteak daramatzatela Pasaia utzita dagoela aldarrikatzen, eta Antxon azkenaldian gertatu diren lapurreta eta istiluek, oro har, euren hitzak berretsi besterik ez dituzte egin. Agintaritzari aurrea hartzeko eskaera egin nahi izan diote, kanpotik datozen aginduei erantzuteari utzi eta “Pasaia euren politiken erdigunean jarriaz”.
Instituzioek gertakarien fokua “erabat desitxuratu” nahi izan dutela uste dute: “Jazarpenak harrera pisuek sortutako segurtasun faltan eta jatorri anitzeko gazteetan zentralizatu nahi izan dira, ezkutuko arrazakeria ustela eta estigmatizazioa bultzatuz”, baina EH Bilduko kideen ustez arazoa ez da hori, lapurretan ibili direnak ibiltariak baitira, eta ez Antxon bizi diren tutoretzapeko gazteak. Gabezia, kasu honetan, instituzionala da.
Alderdiaren sentsazioa da herritarrak baztertuta sentitzen direla, eta horri konponbidea bilatzeko antxotarrekin (auzo elkartearekin eta gazteekin, besteak beste) komunikazio sareak osatzen ahaleginduko dira. Horrez gain, hainbat neurri ere proposatu dituzte, horien artean gizarte zerbitzuak indartzea edota herriko puntu ilunak ezabatzea, topoaren lurperatzea bultzatuz.