Egoera berrira egokitutako aisialdia izango dute eskura haur eta gazteek
Programek 0-18 urte arteko haur eta gazteei erantzuten diete, baita haien familiei ere 0-12 urte arteko haurren kasuan. Familia Gunea, Familian Jolasean, Ludotekak, Gaztelekuak eta Kuadrillategi izango dituzte aukeran Errenteria-Oreretako haur eta gazteek, segurtasun neurriak egoki bermatuta.
Beatriz Martin eta Maite Gartzia, Gazteria teknikaria eta Gazteria zinegotzia, hurrenez hurren. Gazteria programetarako izena emateko epea astelehenean zabalduko du udalak. Betiko programak eskainiko dizkie udalak haur, gazte eta familiei, baina egungo egoera kontuan hartuta, eta horretara moldatuta. Programek 0-18 urte arteko haur eta gazteei erantzuten diete, baita haien familiei ere 0-12 urte arteko haurren kasuan. Familia Gunea, Familian Jolasean, Ludotekak, Gaztelekuak eta Kuadrillategi izango dituzte aukeran Errenteria-Oreretako haur eta gazteek, segurtasun neurriak egoki bermatuta.
0 eta 6 urte arteko haurrei eta haien familiei begirakoa da Familia Gunea. Hainbat txanda antolatuko dituzte programa horren barruan, eta bakoitzean bederatzi familia arituko dira Merkatuzarren. Parte hartu ahal izateko, aldez aurretik eman behar dute izena familiek, eta txanda aukeratu, Zu! Zure Udala zerbitzuan hilaren 21etik 25era —aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 010 telefono zenbakira deituta edo udaletxeko sarreran—. Plazak mugatuak dira, eta eskainitakoak baino familia gehiagok izena ematen duten taldeetan zozketa bidez osatuko dira taldeak. Zozketa hori hilaren 29an izango da 11:00etan eta bideoan grabatuko dute.
Izena emateko kuota ordaindu beharko dute. Izena lehen aldiz eman eta hiru hilabeteko proba egin nahi dutenek 20,72 euro ordaindu beharko dute; ikasturte osorako izen emateen kasuan, 41,45 ordaindu behar dute. %100 hobaria izango dute Oinarrizko errenta edo Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzen duten familiek.
Aisialdia eskaraz bizitzea helburu du Familian Jolasean programak. izenak ongi azaltzen duen moduan, familiei begirako programa da, zehazki, 6-12 urte arteko haurrak dituzten familiei begirakoa. Izena emateko epea kasu honetan ere hilaren 21etik 25era izango da eta Gazteriaren web orriaren bidez egin beharko dute. Programa horretan berrantolaketa egin dute, orain arte herriko hainbat parkeetan egiten zuten, baina ikasturte berrian online izango da, Maite Gartzia Gazteria zinegotziak eta Beatriz Martin Gazteria teknikariak azaldu dutenez programak aurkezteko gaur egin duten agerraldian: “Burbuilak familiak izango dira eta astero hainbat erronka egin beharko dituzte. Egoerak aukera ematen badu horretarako, talde txikietan elkartzeko asmoa ere badago, baina beti ere, egoerak baldintzatuta”.
Ludoteka zerbitzua 6-12 urte arteko haurrei begirakoa da. Sei ludoteka daude Errenteria-Oreretan, eta horietan ere taldeak murriztu egin dituzte baita zerbitzuz gozatzeko egun kopurua ere, Gartziak eta Martinek azaldu dutenez, “begirale bakoitzak hamar haurren taldea izango du. Bi txanda antolatu ditugu, eta haurrek astelehen eta asteazkenak, edo astearte eta ostegunak aukeratu beharko dituzte ludotekan aritzeko, hamabostean behin, ostirala ere izango dute”. izena emateko epea, honetan ere, hilaren 21etik 25era izango da, ludoteketan egin behar da 17:30etik 19:30era, eta izena ematerakoan bi txandetatik bat aukeratu beharko dute. Izena emateko kuota ordaindu beharko dute. Izena lehen aldiz eman eta hiru hilabeteko proba egin nahi dutenek 20,72 euro ordaindu beharko dute; ikasturte osorako izen emateen kasuan, 41,45 ordaindu behar dute.
180 plaza dira denera: 20 Agustientan, 40 Beraunen, 40 Erdigunean, 20 Gabierrotan, 20 Kaputxinoetan eta 40 Markolan.
13 eta 17 urte arteko gazteentzat bi zerbitzu eskainiko ditu udalak. Gaztelekuak dira aukera horietako bat, eta hilaren 23tik 26ra bitartean parte hartzea sustatuko dute eta gazteek beraiek egingo dute zerbitzuak antolatzeko proposamena, egungo egoerari erantzungo dioten parametroekin. Beraun eta Gabierrotako auzoetako gaztelekuetan izango da, eta 17:30etik 20:30era gazte talde txikiak elkartuko dira.
Beste aukera, Kuadrillategi da, euskaraz dibertitzeko gogoa duten gazteei begirakoa. Azken horren kasuan, ikastetxeen bidez eman behar da izena.
Bi zerbitzu horiek doakoak dira, eta gehienez 10 gazteko talde itxietan funtzionatuko dute. Pertsona kopurua dauden plazak baino handiagoa bada, izena emateko epea amaitzen denean zozketa egingo da plazak esleitzeko.
Gartziak nabarmendu du programa horietan guztietan protokoloak jarraituko direla, kutsatzeak prebenitzeko, baita COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonen kasuan jarduteko ere. Protokolo horiek ezagutzeko edo eskaintzaren berri gehiago izateko hiru bidez zehatzu ditu gazteria zinegotziak: posta elektroniko bidez mezua helaraztea, 943 449 606 telefono zenbakira deitzea, eta Gazteriaren web orrian kontsultatzea.
