«Partekatzen duzunean, besteek ere senti dezakete zure bizipena»
Pasaiako Jabetze Eskolak herriko emakumeek konfinamenduan zehar bizi izan duten errealitatea lantzeko laborategiak barne hartu ditu aurten. Gune horren gidariak saio horien garrantziaz aritu dira.
Eskainiko dituzuen laborategiek Pasaiako emakumeak eta COVID-19a dute izena. Nola dator bat horrelako gune bat Jabetze Eskolaren funtsekin?
CLARA WOLFRAM: Emakumeen jabekuntza lantzeko egin beharreko lehen gauza esperientziak partekatzea da, bizi ditugun egoerak elkarri kontatzea. COVID-19agatik, norbera bere etxean egon da eta ezin izan ditugu nahiko genukeen bezala emakumeen artean bizipen horiek konpartitu.
Esperientzia horiek askotan latzak izan dira, eta genero baldintzapen aski egon dira. Norberak egoera hori indibidualki bizi izan du, bakardadean, eta orain egin nahi duguna da bizitakoa partekatu, topatu zeintzuk diren emakume bezala bereziki pairatu ditugunak eta amankomunean jarri, hori da lehen pausoa beti emakumeen jabetza lantzeko.
Konfinamenduarekin Jabetze Eskolako jarduera gehienak bertan behera gelditu ziren, eta beraz, foro hori, elkartzeko aukera hori, desagertu egin zen. Horren harira, Pasaiako Berdintasun teknikariak, Saioa Iraolak, tailer hau egitea proposatu zigun.
KONTXI LOPEZ: Esan bezala, tailer guztiak erori ziren hasieran, baina gero online moduan berrekin genien. Ni orduan zaintza ikastaro bat ematen ari nintzen, eta egia da hainbat muturreko egoera identifikatu nituela, zenbait emakume zailtasun bereziak jasaten ari ziren.
Aurretiko esperientzia horri teknikariaren proposamena batu zitzaion, eta bertatik jaio zen proiektua. Hasiera batean formarik gabeko ideiak, esperientziak, besterik ez ziren; gero joan ziren laborategi itxura hartzen, pixkanaka-pixkanaka.
Zer da landuko duzuena?
C. W: Hasteko, bizitako esperientzia partekatzea da asmoa. Ikusi nahi dugu bizipen horiek nola kudeatu ditugun, emozionalki, harreman mailan, norberaren bakardadean, haurrekin etxean, dependentzia duten pertsonen zaintzan… Lehen pausoa izango da esperientzia hori jasotzea.
Horri esker, egoerari aurre egiteko zein estrategia garatu ditugun identifikatu nahi dugu eta, noski, horiek balorean jarri. Ikusi nahi dugu zein baliabide jarri ditugun martxan emakumeok konfinamenduan; laguntza eskatzeko, eta baita laguntza eskaintzeko ere.
Saio irekia ere egingo duzue…
C. W: Hala da. Bi tailer ditugu, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, beraz, hasteko, bietako bakoitzean aipatu diren bizipenak jaso nahi ditugu, gero horiek amankomunean jartzeko.
Ziur ezingo dugula dena jaso, baina bai emakume guztiek bizi izan ditugun horiek multzokatu, genero rolekin lotuta dauden esperientziak.
Bertatik jasoko dugun informazioa oso interesgarria izango dela badakigu, mugako egoera bat bizi izan dugu eta. Historia kolektibo hori, emakumeen historia hori, nolabait transmititu nahiko genuke. Bizipen horiekin ikusi nola gizartea kontzientziatu genezakeen. Modu sortzailean transmititu nahiko genuke hau guztia.
Emakumeak eta itxialdia. Zer helarazten dizuete bi hitz horiek?
C.W: Menperatze maskulinoa, absolutuki. Iradokitzen didana atzera egitea da, 100 urte atzera egingo bagenu, edo gutxiago…
K. L: Askoz gutxiago, nahikoa da 50 urte atzera egitea.
C. W: Bai, egia. Orduan ere emakumeek ezin zuten espazio publikoan egon zaintza edo ugalketarekin zuzenean lotutako justifikaziorik ez bazuten. Emakumeak ez ziren bakarrik sartzen tabernetan, eta ez gara hain urrun joan behar, nahikoa da 20 urteko atzera begirakoa egitea.
K. L: Bi hitz horiekin hainbat gauza datozkit niri burura: batetik, niri pertsonalki indibiduo bezala itxialdiak eragindako kalteak, eta bestetik, emakume komunitateari, orobat, guzti honek eragin dizkion galerak.
Nire kasuan argi ikusi nuen zenbateraino garen ahulak, hauskorrak, bakardadean. Zentzu askotan: emozionalean, sozialean eta laboralean, besteak beste. Baina aurrera egin dugu, eta horrek, hain zuzen, lagundu dit ohartzen, beste emakume batzuekin elkarrizketan, ezbeharren aurrean aurpegia emateko dugun indarraz. Emakumeok muturreko egoerei aurre egiteko dugun ahalmena oso handia da. Horrexegatik tailerra: hilabete hauetan garatzen joan garen estrategia horiek balioesteko.
«Emakume helduak izan dira, alde handiz, gehien sufritu dutenak»
Konfinamenduak helduenak jo ditu bortitzen.
K. W: Eta hemen, Euskal Herrian, 80 urtetik gorako lau biztanletik hiru, emakumeak dira. Bakarrik bizi diren gehienak emakumeak dira; hortaz, emakume helduak izan dira, alde handiz, gehien sufritu dutenak.
Isolatuta gelditu dira eta beldurrak berak dependentzia bat sorrarazi du kolektibo honengan. Gainera, une batean ordutegi zehatza zuten kalera atera ahal izateko, eta nik galdetzen dut: ez al dira nahiko helduak erabaki ahal izateko zenbateko arriskua hartu nahi duten?
K. L: Hor, berriro ere, emakumeentzako ari ziren erabakitzen, euren eskubideak urratuz. Askatasunez aritzea galarazi diete.
C. W: Horrez gain, ez bakarrik helduenak, emakumeak, orokorrean, izan dira honekin guztiarekin gehien sufritu dutenak, eta hala berretsi du Emakundek egindako azken ikerketak: eurak izan dira haurren zaintzaren pisua gain hartu dutenak kasu gehienetan, lan ordutegiak egokitu dituztenak txikiekin egon ahal izateko, goizeko lehen orduan eginez lan gero seme-alabez arduratu ahal izateko, adibidez.
Ezin ditugu zazpi ahalak egin, telelanean ibili eta haurrei jaramon egin, aldi berean, ezinezkoa da. Emakumeen %26ak lo egiteko arazoak izan ditu konfinamenduan; estres horrek aztarna utzi du, ezinbestean.
K. L: Lanaldi bikoitza etxean egin behar izan dute, eta hori aitortu behar zaie, eta aintzat hartu. Bestela, behin eta berriro ere, ikusezin bilakatzen gara.
Zenbaitetan, konfinamenduak parekidetasuna indartu da.
C.W.: Badirudi baietz. Hainbat egoeratan berrogeialdiak hori eragin du, zeren, bat-batean, biok zeuden etxean, elkarrekin.
Dena den, hau ez da konfinamendu osoan zehar gertatu, gehienbat maskulinoak diren sektoreak denbora laburragoz egon baitira etenik; zerbitzuen sektorea baino geroago geldiarazi zituzten, eta azken lan mota honetan diharduten gehienak emakumeak dira, hortaz, denbora luzeagoz egon dira konfinatuta.
Feminizatuen dauden sektoreak izan dira behar-beharrezkoenak pandemian zehar. Bingo! Orain, azkenik, badakigu hala dela. Agerian gelditu da ezinbestekoak direla bizirauteko, eta, hala ere, horietako gehienak dira gutxietsien daudenak eta soldata baxuenak dituztenak. Emakumeak dira ezegonkortasun hori pairatzen dutena nagusiki.
«Emakumeek lanaldi bikoitza etxean egin behar izan dute, hori aitortu behar zaie»
«Kontaketa kolektiboa osatzea» da tailerraren oinarrietako bat. Zer esan nahi du horrek?
K.L: Denbora tarte honetan zehar emakumeek bizi izan dituzten errealitate eta bizipenak entzun eta batzea. Esperientziak partekatzeak elkarrekin pentsatu ahal izatea dakar, eta hori indarra da.
Non dago elkartasun behar honen erroa gizartean?
C. W: Kontua da zailtasun egoera gehienak pribatuan bizi ditugula, gure arazo berezi eta isolatua balitz bezala. Horregatik, elkartzen garenean konturatzen gara badirela emakume izate hutsagatik partekatzen ditugun bizipenak, eta horretaz ohartzen garenean, soilik, has gaitezke pentsamolde kritiko batekin gizarte hau eta gure inguru zein bizitza, orobat, ulertzen.
Gonbita egin nahi diezue emakumeei egitasmoari batzeko?
K. L: Noski! Anima daitezela adin guztietako emakumeak, elkar aberasteko. Espazio dibertigarria izango da, baina baita elkarri konfiantzaz entzutekoa ere. Guk, emakumeok, ez badiogu gure buruari aitortzen egiten dugun esfortzua, nork egingo du?
C. W: Partekatzen duzunean, zure bizipenak zeure izaten jarraitzen du, baina gainontzekoek ere senti dezakete. Enpatiarako eta hausnarketarako gunea izango da, sormenez beterikoa.
Animatu nahi dugu zerbait kontatzeko daukan oro, eta baita zerbait hori entzun nahi duena ere. Hitz gutxitan, hori da egingo duguna: kontatu eta entzun, elkarrekin pentsatzeko, emakumeok bat egiteko.
Jabetze Eskola, «gutasun bat» eraikitzeko gunea
Itxialdiak inoiz baino beharrezkoago egin du bakardadean bizi izan denarekin elkartasun bat osatzea. Aurtengo ahalduntze eskolak, gogoeta ardatz, ezohiko egoerari erantzuteko tailerrak barne hartu ditu.
Pasaiako Udalak 2008an herriko emakumeen egoeraren inguruko diagnosi bat egin zuen, euren bizimodua, beharrak, nahiak eta mugak aztertuz. Bertatik jasotako emaitzen ondorioz, emakumeek partekatzen zituzten behar orokorrak bazirela ikusi eta Berdintasun Arloa zein Pasaiako Jabetze Eskola sortzea erabaki zen.
Ahalduntze Eskola 2013an izan zen lehen aldiz herriko emakumeen topagune. Ordutik Pasaiako emakumeentzako konfiantzazko toki bilakatu da. «Eskola ez da soilik leku fisiko bat, askotariko guneak eta uneak ditu», dio Saioa Iraolak, Pasaiako Berdintasun teknikariak. Hark, honako hitzekin definitu du proiektua: «Topaleku bat da, askotariko emakumeok gure arteko sareak ehuntzeko, hausnarketarako, belaunaldien arteko arrakala suntsitzeko…».
Aurtengo berritasuna
Ikasturte honetako jardueretan izena emateko epea zabalik da hilaren 25era arte. Aurten, gainera, pandemiak sortutako beharrei erantzutea xede duten bi berritasun nagusi barne hartu ditu eskolak: teknologia berrietan ahalduntzeko formakuntza, batetik; eta COVID-19ak emakumeengan izan duen eragina jaso zein partekatzeko laborategi elebiduna, bestetik.
Iraolak argi daki konfinamenduak herritarren bizitzetan eragina izan duela, maila batean edo bestean: «Ez du inor ezaxola utzi, eta emakumeok askotariko errealitateak bizi izan ditugu». Bizipen horiei lekua egitea funtsezkoa da eta, horretarako, «gogoeta egiteko ez ezik, kontakizun kolektiboa ere osatzen joateko», jaio zen laborategia.
Pasaiako Jabetze Eskolaren ekitaldien muin nagusia emakumeen ahalduntze indibidual nahiz kolektiboa sustatzea da. Aniztasuna ardatz, bizikidetza eta elkar ezagutza suspertzeko apustua egin dute udalak eta Pasaiako emakume taldeek, elkarlanean.
Horrez gain, badira eskolak lehen pausoak eman zituenetik egunera arte barnean eduki dituen tailerrak; haietako bat autodefentsa feminista ikastaroa da. Saio horiek adin guztietako emakumeei daude zuzenduta, indarkeriak ez baitu bereizten haur, gazte edo adinekoen artean. Indarkeriari aurre egiteko estrategia psikologiko nahiz fisikoetan gaitzea da horien helburua.
Orotariko emakumeak
Jabetze Eskolan bereziki nabarmendu nahi dute da askotariko jatorri, ibilbide, edo orientazioko emakumeen bat-egitea indartzea, elkartasuna errotzea. Berdintasun teknikaria printzipio horren garrantziaz mintzo da: «Emakumeok, historikoki, gure familien edo-eta komunitateen zaintzaren zama bizkarreratu dugu, besteentzako bizi izan gara. Eta orain, geroz eta digitalagoa eta, ildo horretan, bakartiagoa ere baden gizartean, ezinbestekoa da indarrak batzea».
Behar-beharrezkoa da, Iraolaren ustez, luzaroan emakumeen arteko areriotasuna bultzatu duen patriarkatuari aurre egitea: «Askotariko aniztasun eta berezikeriez jabetuta, elkarrekin indartsuago garelako. Gutasun bat eraikitzeko tresna da Pasaiako Jabetze Eskola».