Herrerako Sukaldea proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera, ostegunean
Herrerako Sukaldea proiektua Errenteria-Oreretara hurbilduko dute haren sustatzaileek Lau Haizetara Euskaltzaleen Topagunearen eskutik.
Herrerako Sukaldea proiektua Errenteria-Oreretara hurbilduko dute haren sustatzaileek Lau Haizetara Euskaltzaleen Topagunearen eskutik. Aurkezpena antolatu dute Lau Haizetararen egoitzan, horretarako, bihar 19:00etan segurtasun baldintza guztiak bermatuta.
Auzoko zerbitzua da Herrerako Sukaldea. Kontsumo kolektibizatuaren bidez jakiak prestatzeak dituen kostuak auzotarren artean berdindu eta tokiko nekazari, abeltzain eta arrantzaleek ekoitzitako produktuak baliatuta, elikadura osasuntsu eta goxoak prezio onean eskaintzea auzotarrei du helburu. Herrerako auzo elkarte gastronomikoekin lankidetzan ari da proiektua, ea horien azpiegiturak baliatuta kozinatzen dute sukaldariek gerora proiektuan parte hartzen ari diren auzotarrei banatzeko.
Irabazi asmorik gabeko iniziatiba dela zehaztu dute arduradunek, “diru sarrerak zerbitzuaren kostuak ordaintzera eta lurraldean ekonomikoki, sozialki eta kulturalki eragin positiboa izango duten horrelako iniziatibak auzoan sustatzera bideratuko ditugu”.
Proiektuaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da beraz haren sustatzaileekin bihar Lau Haizetara elkartearen egoitzan.