Zazpi garaipen denboraldiko lehen asteburuan herriko pilotarientzat
11 partida jokatu dituzte guztira, sei etxean, Agustina Otaola pilotalekuan eta bost etxetik kanpo, eta horietatik zazpitan nagusitu dira.
Pasa den asteburuan hasi zuten denboraldi berria Batzokiko eta EPLE kirol taldeetako kadete, gazte eta senior mailako pilotariek Gipuzkoako Txapelketaren barruan. 11 partida jokatu dituzte guztira, sei etxean, Agustina Otaola pilotalekuan eta bost etxetik kanpo, eta horietatik zazpitan nagusitu dira. Etxean jokatutakoetan Estefano eta Abel laruzko paletan (35-22), Arregi eta Urreaga gomazko paletan (25-15) eta Urmeneta eta Aranguren eskuz binakakoan (22-5) erraz gailendu ziren.
Ez zuten zorte bera izan Eyheramendi eta Yorel (33-35), Eskisabel eta Ruben (34-35) eta Aranburu eta Odriozolak (13-22) galdu baitzuten.
Etxetik kanpoko bost partidetatik lau Errenteriakoentzat izan ziren. Nabarmentzekoa da gomazko paletan Batzokiko taldeko bikoteak lortutako garaipena: Larralde eta Telletxea eta Txoperena eta Ormaetxea 25-12 eta 25-13 nagusitu ziren hurrenez hurren. Tabernak eta Mitxelenak 22-6 irabazi dute eskuz binaka, eta Izkierdok eta Bengoetxeak 25-5 gomazko paletan. Eskuz binaka ez zuten garaipenik lortu Fernandesek eta Zapirainek (4-22).
Hasiera bikaina oro har, Errenteriako pilotarientzat.