Euskaraldian parte hartzera animatu dituzte lezoarrak
Lezoko Udalak eta Lezoko Euskaraldiaren Batzordeak egin dute deialdia. PSE-EEk ere bat egin du Euskaraldiarekin, dei egin die lezoarrei izena eman dezaten.
Lezoko Udalak eta Lezoko Euskaraldiaren Batzordeak herritarrak animatu dituzte Euskaraldian izena ematera. Euskararen erabileran eragiteko egitasmo kolektiboaren bigarren ekitaldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute.
Jada lanean ari da herriko batzordea, data horietan ahalik eta gehien ikus daitezen ahobizi eta belarriprest txapak. Aurten bereziki indarra jarri nahi izan dute entitate eta eragileetan; horiek ariguneak osatuko dituzte, barnekoak eta kanpokoak. “Helburua da guztion artean hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik”, esan dute udaletik.
Entitateen izena emateko epea irailaren bukaeran itxi zen. Orain, norbanakoek aukera dezakete ahobizi edo belarriprest izan. Izena emateko, klik egin lotura honetan.
Lezoko PSE-EE: “Denon ardura da euskara sustatu eta zaintzea”
Lezoko PSE-EEk ere Euskaraldiarekin bat egin dezatela eskatu die herritarrei. Joxean Sanchez udaleko taldearen eledunaren arabera, “denon ardura da euskara sustatu eta zaintzea”, eta hori egitea norbanakoen zein kolektiboaren ardura dela erantsi du. Aisian, enpresa arloan, administrazioan “eta udalean” eragin behar dela uste dute sozialistek: “Udala herritarrengandik hurbilen dagoen rakundea da, eta beraz, ezinbesteko lana egin dezake, kaleetan, plazetan, komertzioetan edo enpresetan euskara aktibatzen eta indartzen”.