Sarek larunbatean argazki jendetsua ateratzera deitu du
Hiru mendi tontor igotzeko deia egina zuen presoen eskubideen aldeko eragileak, baina eguraldi txarrak atzera bota du.
Sarek deialdia egina zuen datorren larunbaterako —urriaren 3an—, Izan Bidea kanpainaren barruan. Euskal Herri osoko 650 tontor igotzeko asmoa zuten, tartean Oiartzungo hiru. Eguraldi iragarpen kaskarra dela eta, maiatzaren 8ra arte atzeratu dituzte mendi igoerak. Horren ordez, beste deialdi bat egin du Sarek larunbat honetarako.
“Asteburu honetarako, halere, bildutako ilusio eta indarra ez dugu baztertuko”, azaldu du Oiartzungo Sarek, “tontorretatik plazetara ekarriko dugu aldarria”. Horregatik, 12:00etan Done Eztebe plazan geratuko dira, argazki ahalik eta jendetsuena ateratzeko, presoen eskubideen zein konponbidearen alde.
Argazkirako Sareren kamiseta urdina eramateko deia egin dute. Ez daukatenek han bertan erosteko aukera izango dutela jakinarazi du Oiartzungo Sarek.