Ondarea kontatu, babesteko
Kontaiguzu ondarea! Ondarea eta hezkuntza lelopean antolatu dituzte aurten Ondarearen Europako Jardunaldiak eta horien barruan, hitzaldi, mahai inguru eta bisita gidatu bana egingo dituzte Errenteria-Oreretan.
Kontaiguzu ondarea! Ondarea eta hezkuntza lelopean antolatu dituzte aurten Ondarearen Europako Jardunaldiak eta horien barruan, hitzaldi, mahai inguru eta bisita gidatu bana egingo dituzte Errenteria-Oreretan. Ondarearen garrantzia aitortuta eta herritarrei gerturatzea du helburu jardunaldiak, eta aurten garrantzi bizia eman diote transmisioari; finean, ondarea herritarrei kontatzeak ondarea kontserbatzea eta gozatzea dakarrelako. Hezkuntza erakundek utzitako ondare material zein inmaterialari balioa emango diote gainera, aurten.
Gipuzkoako Foru aldundiak jardunaldiak herritarrei hurbildu asmoz liburuxka argitaratu du eta banatu museo, turismo bulego, eta kultur etxeetan.
Ekimenetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Errenteria-Oreretara etorrita, urriaren 7an izango da lehenengo hitzordua. Saroiak Errenterian hitzaldia eskainiko du Luis Mari Zaldua Etxabek euskal filologian doktorea, saroietan aditua da. Saroiak mendiko lursailak dira, Euskal Herrian forma biribilagatik eta erdian kokatutako harri batetik abiatuta egituratuta daudela dute ezaugarria. Artamugarria du izena harri horrek. Hitzaldian jatorriaz, erabileraz eta garapen historikoaz ariko da Zaldua. Fanderiako Errota Ibaiaren Interpretazio Zentroan izango da 19:00etan, euskaraz.
Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea eta horretarako 943 494 521 telefono zenbakira edo posta elektronikora mezua bidali behar da.
Irteera ere prestatu dute eta saroiak ezagutzeko baliatuko dute. Errenteriaren 700. urteurrenean, Aldura mendiaren magalean, Erdi Aroan sortutako Igantziko saroia ezagutzeko aukera eskainiko dute adituen eskutik. Saroiak abereak biltzeko lurralde egiturak eta baso ustiapenerako eremu garrantzitsuak ziren, batez ere landare ikatza ekoitzeko. Haien kokapena, eraikuntza megalitikoen ondoan maiz, bat dator abereen trasnhumantzia guneekin.
Ibilbide erraza da, baina 6 kilometrokoa eta hiru orduz ibili behar da. Oinetako egokiak eramatea ezinbestekoa da. Hilaren 10ean izango da irteera 10:00etan euskaraz, eta hilaren 17an, 10:00etan gazteleraz Susperregi jatetxetik abiatuta. Izena eman behar da aldez aurretik hitzaldirako bezala eta bide berak erabilita. Parte hartzeko, 14 urtetik gora izan behar dira.
Mahai ingurua berriz, Eresbil. Musika Ondarearen ezagutza lelopean egingo dute. Transmisio espezializatutako musikari batek, didaktikan eta pedagogia musikalean aditua batek, eta Eresbileko eta Musikeneko ordezkariek osatuko dute mahaia. Musika ondarearen hedapenari dagozkion erronka berriei buruz eztabaidatuko dute, arreta bereziki publiko gaztearengan jarriz. Hilaren 30ean izango da Eresbilen egoitzan 11:00etan eta euskaraz. Informazioa eta erreserbak 943 000 868 telefono zenbakian edota posta elektronikoan egin behar dituzte interesdunek.