«Pandemiaren zifretatik ihes egiteko leiho bat izango da dantza»
Pasaiako Dantza Festibalaren bigarren edizioak herria sormenez blaituko du asteburu honetan. Oholtza eta doinuak behar berrietara egokitzea, baina, ez da lan makala izan bi antxotarrentzat.
Nola deskribatuko zenukete Pasaiako Dantza Festibalaren bigarren edizio hau?
Aiert Beobide: Espazio honek suposatzen du dantza herritarrekin konpartitzeko gune bat sortzea; dantza kultura bezala eta espresio bide bezala indartzea, konpainiek dituzten lanak eta mezuak nahiz emozioak helarazteko; ikasketa bat da.
Dantza, askotan esaten da, arte txikitu edo baztertuagoa dela, azkeneko arteetako bat, baina nik uste dut hezi egiten duela ikuslea ere, eta horrela jarrita, hain gertu, eta eguneroko espazioetan, jendeak errazago onartu, asimilatu eta ulertzen du hau guztia.
Aurreko urtean festibalak erantzun aparta izan zuen: 3.000 lagun baino gehiago bildu zituen dantzak Pasaian.
Iurre Aranburu: Jendeak izugarrizko erantzuna eman zuen, oso esker onekoak izan ziren. Dantzak jendea mugitzen du eta jendea ikustera animatzen da, herriak dantza nahi du. Lehen edizioa hori izan zen: nahiaren eta beharraren egiaztatze hori.
Esaten duzu: Jo! Jendeak eskatzen du. Zifra horiek dena esaten dute: 3.000 lagunetik gora, hamalau ekintza eta 10 ordutik gorako ikuskizunak. Gainera, dohainik izanda, eta leku irekietan eginda, eguraldi onarekin… Beno, lehen edizio hori zentzu askotan izan zen biribila.
Beobide: Sorpresaz iritsi zen iaz festibala Pasaiako herrira. Ez zekiten zer zen hau, nondik norakoak… Ez genituen esker onak besterik jaso.
Esan bezala, eguraldiak ere lagundu zigun, espazio berriak aurkitu genituen dantza erakusteko eta dantzaz gozatzeko, familien tailerrak, haur eta gurasoen arteko beste harreman batzuk sortzeko bideak…
Hori izan zen iazko festibalaren emaitza ederrena, herria integratuta ikustea. Zenbakietaz, noski, zer esan… Komentatzen ziguten Pasaian, eta batez ere Antxon, San Ferminetaz aparte, ekitaldi potoloena izan zela.
Guk uste dugu Pasaiak hori merezi duela; merezi duela edaria eta jatekoa dauden ospakizunez aparte egon dadila beste espazio bat, non ezagutzen garen eta elkar nahastuz sortzen dugun.
«Batzuetan kultura aisialdi hutsarekin nahasten dugu, eta ez da horrela» Aiert Beobide
Zein behar berri sortu ditu COVID-19ak plangintzan?
Aranburu: Edizio honetarako badugu oinarri bat, lehenengoan egindako lanak balioko digu, balio izan digu. Dena den, orain erronka berriak sortu zaizkigu.
Sarreren salmenta, esate baterako, modu digitalean egiten ari gara. Egia da kasu puntualetan eta laguntza eskatu digutenean bidea errazten ahalegindu garela gonbidapen horiek lortu ahal izateko, badakigulako ez dela mundu guztia iaioa zentzu horretan. Ahalegindu gara webgunea ere ahalik eta intuitiboena egiten gauzak erraztu ahal izateko, baina kontziente gara jende asko kanpoan geldituko dela.
Horrez gain, aurten lagun gehiago daude lantaldean eta hori aitortu behar zaie. Alkartasuna taldekoek, bereziki, aurten ezingo dute emanaldirik eskaini, baina nahiz eta artista bezala parte hartu ez, lehen unetik adierazi digute euren prestutasuna boluntario bezala lan egiteko, eta hala egongo dira, adibidez, sarrerak kontrolatzen.
Beobide: Pena ere ematen dizu, badakizulako iaz, kasualitatez Zumardian bertan dantza emanaldi bat ikusi zuena ziurrenik ez dela hasiko sarrera bat hartzen Ibaiondora etortzeko, eta horrek ere pena ematen du, engantxatzeko oso modu ona baita dantza herrigunera eramatea. Aurretik eta denboraz prestatu behar horrek publikoa ere mugatuko du, nahiz eta esan lau egunak beteta egongo direla.
Zergatik da dantza garrantzizko bizi dugun egoera honetan?
Aranburu: Espero dut terapia moduan hartzea, hala delako, beti izan da, baina agian egoera honetan are gehiago. Egunero ikusten ditugun zifretatik ihes egiteko leiho bat izango da.
Psikologikoki beharra dugula uste dut. Pena da, jendearen parte hartze eta ukitze hori galdu dugulako, baina beste alderdiak daude eta, zergatik ez, gutxienez zure lekuan eserita zaudela gorputza mugitzen baldinba duzu dantzaren erritmoarekin, hori ere etxera daramazu!
Beobide: Hala da. Normaltasun berri honetan ezin dioguna da gauza batzuk egiteari utzi, modu seguru batean egin baldin badaitezke. Gure bizitzak jarraitu behar du, ezin dugu eten eta gure bizitzetako urtebete zaborretara bota. Ezin ditugu hunkitzen, pozten, alaitzen, sufriarazten diguten horiek guztiak baztertu.
Aranburu: Gizaki izaten jarraitu behar dugu! Gizakiak behar batzuk ditu eta ez baditu asetzen modu batean edo bestean, ez goaz bide onetik.
Beobide: Zailtasunen gainetik dantza egiten jarraitu behar da, dantza ikusten jarraitu behar da. Ezin diogu utzi hori egiteari, berrikasi beharko dugu nola egin behar den, baina gure bizitzako parte funtsezkoa dena egiten jarraitu behar dugu. Ezin dugu zigortuta bizi.
Aranburu: Edo beldurrera pasa, beldurtuta bizi izkina batean… Denok izan ditugu gure gorabeherak pandemia honekin eta konfinamendu garaian, baina egunerokoa ahalik eta gehien disfrutatzen ikasi behar dugu.
Gizarteak martxan jarraitu behar du, eta kultura zaindu.
«Falta dena da hausnarketa lan bat ulertzeko gizartearen premiak zein diren» Iurre Aranburu
Zein galera izan ditu kulturak?
Aranburu: Hari-harian egon da. Foku bat dagoenean lehenengo kentzen dutena ekitaldi kulturalak dira…
Beobide: Orain dela gutxi taberna batean agerraldi bat izan zen eta lehen gauza bertan behera gelditu zena ekintza kulturala izan zen, nahiz eta beste tabernek zabalik jarraitzen zuten. Orduan esaten duzu: zein zentzu du honek guztiak? Hor ikusten duzu kulturari zein balio gutxi ematen diogun gure gizartean, eta nire ustez hezkuntza modu bat da, eta duen garrantzi hori aitortu behar diogu. Batzuetan kultura aisialdi hutsarekin nahasten dugu, eta ez da horrela.
Aranburu: Asko aldarrikatzen ari gara kultura segurua dela, eta izugarrizko esfortzua egiten ari gara hala izan dadin, jendea ahalik eta segurtasun handienarekin etor dadin ikustera. Baina orain gizartean dagoen inkoherentzia hori, non superfizie handi batera zoazen arraina erostera eta kristoren ilarak dauden, eta gero zinemara zoaz eta eserleku huts mordoa… Inkoherentzia horrek barrenak nahasi eta pixka bat haserretu ere egiten zaitu.
Beobide: Pandemia hasieratik defendatu da ekonomia ezin dela gelditu, eta guztiz ahaztu da kulturak zenbat eta zenbat jende mugiarazten duen arlo produktiboan, teknikoan, ekoizpenean… Hor jende pila dago; batzuk gutxika berreskuratuz doaz, baina beste asko oraindik geldirik daude eta ez dute inongo babesik izan; hor daude, ahaztuta, baztertuta.
Aranburu: Falta dena da hausnarketa lan bat ulertzeko benetan gizartearentzat zer den baliotsuena. Ez dakit zeinek erabakitzen duen gauza bat edo bestea den premiazkoagoa, nork ezartzen dituen lehentasunak. Argi dagoena da hezkuntzari, alderdi funtsezkoa izanik gizartean, osasunarekin batera, ez zaiola ematen behar duen babesa.
Nola animatuko zenukete jendea falta diren egunetarako?
Beobide: Sekulako aukera da herritarrentzat hain gertu izatea horrelako emanaldiak, non benetan irtengo diren dituzten ardura eta zailtasunetatik. Ikuskizun ertain-motz hauek sentitu eta gozatuko dituzte, jarrera aldatu eta sentsazio oso ezberdinekin bueltatuko dira etxera.
Aranburu: Esandakoa, jarraitu behar dugu gure egunerokoarekin. Segurtasunez eta musukoarekin, baina nor garen berriro gogorarazten; konpartitzeko eta erakusteko gunea izango da, seguru. Hitz gutxitan: gizaki izatera etor daitezela!
Pasaiako Dantza Festibalaren egitaraua ikusgai dago hemen klik eginez.