Dozena erdi moto bota eta erakusleiho bat hautsi dute borroka batean, Antxon
Blas de Lezo kalean bi gizonen artean jazotako borrokaldiak sei bat moto utzi ditu lurrean. Partaideetako bat bultzada baten ondorioz erakusleiho baten gainean bizkarrez erori eta kristala guztiz hautsi du.
Ostiraleko gaueko 12:00ak baino minutu batzuk lehenago borroka bat gertatu da Pasai Antxoko Blas de Lezo kalean, bi gizonen artean. Liskarraren erdian izandako bultzada baten ondorioz euren alboan aparkatuta zeuden dozena erdi moto bata bestearen gainean bota dituzte; borrokaldiak aurrera jarraitu du, gizonetako batek bestea erakusleiho baten aurka bota duen arte, biak establezimenduaren barrura (erori dira orduan. Istiluak bizilagunak leihoetara aterarazi ditu eta euren oihuek ihesarazi dituzte orduan inplikatutakoak.
Pasaiako Udaltzaingoa zein Ertzaintzaren hainbat patruila gertaeren tokira bertaratu dira, eta baita anbulantzia bat ere. Antza denez, borrokaren sortzaileak identifikatu ahal izan dituzte dagoeneko eta beharrezko prozedura legalak gauzatzen hasi dira. Udaltzaingoak, bizilagun batzuen laguntzaz, lurrean zeuden motoak altxa ditu; ibilgailuen jabeek Errenteria-Oreretako Ertzaintzaren bulegoan jarri beharko dute salaketa haietan kalterik atzemango balute.