Donibanen ez dagoela "ez arduragabekeriarik ez utzikeriarik" aldarrikatu du Pasaiako PSE-EEk
EH Bilduk egindako adierazpenei erantzun die udal gobernu sozialistak: "Bilduk bere eraginkortasun falta ezkutatu nahi du, inolako funtsik gabeko akusazioak eginez". Aguayoren hitzengatik barkamena eskatu du PSE-EEk.
Pasa den astean izandako ohiko udalbatzarrean Pasaiako alkate den Izaskun Gomezek EH Bildu alderdiak Donibaneko barrutian dagoen utzikeriaz egindako “akusazio faltsuei” erantzun nahi izan zien, azken urtean egin diren inbertsioak (1.800.000 eurotik gora) gogora ekarriz. Udal gobernu sozialistak publikoki barkamena eskatu nahi izan du gaur goizean, bilkura hartara arte PSE-EEko zinegotzi zen Jorge Aguayok egindako “zoritxarreko” deklarazioengatik.
Alkateak, batzarrean, azken urtean Donibanen egin izan diren obra eta lanen gastuak banan-banan irakurri nahi izan zituen, barrutian egindako lana nabarmentzeko; haien artean aipagarriak dira Alabortzako eremuan edukiontzi gehiago jarri direla, eta herrian jazotako ekintza bandalikoak konpontzeko udalak emandako erantzuna: “Ez dago ez arduragabekeriarik eta ez utzikeriarik. Inbertsioak egin dira, garbiketak egin dira, errefortzu berezia jarri da, hondatu diren ondasun publikoak konpontzeko…”.
Bilera hartan kargua utzi zuen Jorge Aguayo PSE-EEko Kultura zinegotziak, eta bere azken hitzak EH Bildu taldearen adierazpenei erantzuteko esan zituen, Donibaneko egoera “barne-bandalismo arazoa” dela aldarrikatuz. Horren aurrean, koalizio abertzaleak erantzun berehalakoa eman zien bai alkateari nahiz zinegotziari ere, esanez, batetik, nabarmendu behar dena ez dela dagoeneko egin diren horiek eta udalaren oinarrizko ardurei dagozkienak, baizik eta oraindik egiteke dauden lanak; Aguayoren hitzen aurrean sorpresa adierazi zuten esanez lehen aldia zela ‘barne-bandalismoz’ hitz egiten entzun zutena.
Udal gobernu sozialistak argi utzi nahi izan du PSE-EEren helburua ez zela inondik inora Pasaiako bizilagunak bandalismoz akusatzea, kalteen erantzuleak “gizalegerik gabeko pertsona banaka batzuk” baitira, eta gaizki ulertua izan litekeenagatik barkamena eskatu dute. Gogorarazi nahi dute, halaber, azken urtean 44.000 eurotik gora gastatu direla ekintza bandalikoen ondorioak konpontzeko, eta horiek pasaitar guztien patrikatik atera direla.