9 kilo hondakin bildu ditu 'Mater' ontziko taldeak Alabortzan, goiz bakarrean
Alabortza senadiaren garbiketa bi garbiketa puntutan egin dute, batean 4kg eta bestean 5,1kg zabor bilduz. Jasotako hondakin ugarienetakoak 2,5 eta 50 zentimetro bitarteko plastiko zatiak izan dira.
‘Mater’ Ontzi Museo Ekoaktiboak Pasai Donibaneko Alabortza senadiaren garbiketa egin zuen larunbat goizean, ‘Libera’ proiektuarekin bat eginez. Hondakin bilketa bi gunetan egin zuten, lehenengoan 4 kilo zabor bildu zituzten, eta 5,1 kilo bigarrenean; denera, beraz, 9,1 kilo zakar bildu zen goizeko 10:00etan hasi eta 13:00a arte, gutxi gorabehera. Jasotakoen tipologiari dagokionez, jakinarazi dute hondakin ugarienetakoak 2,5 eta 50 zentimetro bitarteko plastiko zatiak izan zirela; baita sokak eta kordelak, bilgarriak, edateko botilak eta eskuzapi hezeak ere.
Hondakin berezien artean, urpean igeri egiteko betaurreko batzuk eta hegaztiei jartzen zaien eraztun bat izan litekeena ere jaso zuten. Eguraldi txarragatik, hondakinen banaketa ‘Mater’ bulegoaren kanpoaldean burutu zuten. Hurrengo asteburuan Antxoa Kontserba tailerra (ostiralean), hirigune historikoetan zehar ibilbide gidatua (larunbatean) eta itsas hondakinen arrantza (igandean) antolatu dituzte. Jardueren inguruko informazio guztia kontsulta daiteke ️619 81 42 25 telefono zenbakira deituz edo antolakuntzaren helbide elektronikora mezu bat bidaliz.