Elikagai bilketa egin du Orain Herria taldeak, Lezon eta Pasai Antxon
Lezoko Dia eta Pasai Antxoko TodoTodo supermerkatuetan egin da elikagai biltzea. Herritarren interesa eta inplikazioa eskertu nahi izan dute taldeko kideek.
Pasa den ostiralean (hilak 2) elikagai bilketa egin zuen Orain Herria taldeak, Larrialdietarako Banku Sozialarekin (LBS) elkarlanean. Janaria biltzeko bi puntu hautatu ziren: Lezoko Dia eta Pasai Antxoko TodoTodo supermerkatuak, hurrenez hurren; bertan izan ziren boluntarioak, goizeko 10:00etatik 13:30a arte, eta 17:00etatik 19:30a arte. Jasotakoen zenbaketa ez da egin oraindik, baina 8 bat familiek jaso dute dagoeneko bildutakoen zati bat, eta oraindik beste banaketa orokor bat dago egiteke; egun hauetan, gainera, behar izan duten horiei ere helarazi zaizkie elikagaiak.
Orain Herria “langile klasea antolatu eta haien arazoei konponbide erreal bat bilatzeko helburuz sortutako masa fronte bat da”, langileriaren interesen alde egitea ardatz duena. Taldekideek, Pasaia eta Lezoko hainbat familiek pairatzen dituzten muturreko egoerei erantzuna emateko asmoz, LBS sortu zuten abuztu amaieran: “Gaur egun hazten ari den ezberdintasun sozialari aurre egiteko plataforma bat”. Egitasmoaren barne egin den bigarren elikagai bilketa izan da aste honetakoa, eta lanean jarraitzea da taldearen asmoa. Ostiralean lezoarrek eta pasaitarrek erakutsitako inplikazioagatik eskerrak eman nahi izan dituzte.