Teatro programazio osoaren berri eman dute Oiartzungo Antzerkizaleek
Maite Aizpuruak 'Erresistentzia arazo fisikoa da' antzezlana taularatuko du hilaren 25ean. Ekainera arteko programazio osoa aurkeztu dute.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak aurtengo denboraldiaren egitarauaren berri eman du. Ikasturteko lehen saioa irailean hasi zuten, baina hura COVID-19ak atzeratu zuelako izan zen.
Lehenengo saio ofiziala hilaren 25an izango da. Maite Aizpurua Olaizola zumaiarrak Erresistentzia arazo fisikoa da (ikus sinopsia behean) antzezlana taularatuko du udaletxean, 19:00etan hasita. Sarrerak emanaldiaren aurretik, aste osoan zehar Kastro tabernan egongo dira salgai, bost euroren trukean (berdin izango da beste ekitaldiekin. Honakoa da egitarau osoa (emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, zehaztutakoak izan ezik):
- Hilak 25: Maite Aizpurua: Erresistentzia arazo fisikoa da.
- Azaroak 29: Txomin Heguy, Mixel Ducau, Xabi Zeberio, Alaia Phillips Ducau: Anton Abadia, Dublinetik Hendaiara.
- Abenduak 19: Txinalka antzerki taldearen emanaldia.
- Abenduak 20: Jarleku: Etxerik txikiena (haurrentzako).
- Urtarrilak 17: Atx Teatroa: Tomiris.
- Otsailak 21: Lurrun minez.
- Martxoak 14: Gaizka Chamizo eta Mikel Martinez (Goiatz Labandibarren lan bat jokatzen): Salaketa. Goitibera antzerki konpainia: Amatxik dixit.
- Apirilak 18: Orratx antzerki taldea: Bernardaren Albaren bost alabak.
- Maiatzean: Txinalkaren antzezlana.
- Ekainean: Oiartzungo antzerki ikasle gazteen emanaldia.
‘Erresistentzia arazo fisikoa da’-ren sinopsia
Gorputzaren memoriaren txokoetan gelditzera gonbidatzen gaituen antzerki-performanzea da honakoa. Sententzia medikoak, ibilera okerrak, desirak ironikoak eta diziplinamendu ariketak gurutzatzen diren geraleku konkretua arakatzeko parada. Erresistentzia intimoak zeharkatu eta disidentziarako agertokiak asmatzea “diskapazitatea” kontzeptua barrutik lehertzeko.
Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibili ibilian baina, egia entrenatzen den gezurra besterik ez da.