"Gure bazterrak arakatuko" dituzte VIII. Emakume Abertzaleon Topaketan
Abenduaren 12an egingo dituzte topaketak, Bilgune Feministak antolatuta. Lanbroak estalitako garaian inflexio puntua izatea nahi dute.
Bilgune Feministak zortzigarren aldiz antolatu ditu Emakume Abertzaleon Topaketa Feministak. Abenduaren 12an izango da, Errenteria-Oreretan. Gaur aurkeztu dute, eta iragarri dutenez, inflexio puntu bat izango da, martxan duten eztabaida prozesuari ginga jarriko diona.
Topaketa hasi baino lehen Ekhiñe Eizagirre Bilgune Feministako kideari besarkada estu bat bidali diote. Aste honetan atxilotu du Guardia Zibilak, eta “onartezintzat” jo dute bai bere atxiloketa baita gainontzeko hiru lagunena ere.
Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean lelopean egingo dituzte topaketak. Eta ez ausaz. Autokonplazientzian ez dute erori nahi, eta praktika berrien bila arakatzen hasteko deia egin dute. “Arakatzea da analizatzea, patxadaz esertzea, kuestionatzea, barrura begira jartzea… Bakoitza bere buruarekin deseroso sentitzea da; araka ditzagun norberarenak eta komunak direnak”, esan dute.
Abenduaren 12koa inflexio puntua izango dela ziurtatu dute: “Lurraldea eta bizitza defendatzen jarraitzeko pausoa izango da”.
Emakume migratuak
Bilgune Feministak gogorarazi du sortu zenetik sexu-genero, klase eta nazio zapalkuntzak eragindako errealitateak eta bizipenak mahai gaineratu dituztela: “matxismoa, prekarietatea, gure herriak bizi izan duen ukazioa; gure kulturak, ondareak edota hizkuntzak pairatzen dituzten erasoak…”. Horiek “gure bazterrak” ezkutatzen dituen “lanbroarekin” alderatu dituzte.
Mekanismo horiek norberaren lurralde, gorputza eta bizitzak zeharkatzen dituztela baieztatu dute, eta bakoitzaren nortasuna eraikitzen dutela. “Tradizioz”, jarraitu dute, “euskal feminismoaren kontzeptua erabili dugu gure teoria eta praktika feminista izendatzeko, eta ikuspegi horretatik aztertu eta eraldatu nahi dugu errealitatea”.
Zapalkuntza hirukoitza esaten diotenaren paradigma horretan sakonduz, askotariko errealitateek tresna teoriko eta praktikoak garatzera eraman dituztela ziurtatu dute.
Oraingoan ere bazterrak arakatu nahi dituztela adierazi dute, eta azken urteetan bizi izan diren —eta diren— migrazio prozesuek zein errefuxiatuen krisiak erronka berriak izango dira jomuga topaketan. “Gure baitan iraunarazten den arrazakeria instituzionala eta eta soziala eraistea premiazkoa da”, aldarrikatu dute.
Euskal Herriko mugimendu feministan emakume migratu eta “arrazializatu” asko engaiatu direla jakinarazi dute, eta horri esker, elkarlanean sortu dituztela elkar ezagutzeko eta ikasteko topaleku eta elkarguneak.
“Horretaz gain”, gaineratu dute, “emakume euskaldun zuri gisa interpelatu gaituzte hainbat gaiez ohartarazteko, besteak beste gure jendartean eta erakundeetan dagoen arrazakeria, zuri izateagatik ditugun pribilegioak eta tutoretzarik gabeko aliantza feministen premia”. Ikuspegi eta praktika dekolonialak indarrean jarri behar direla uste dute.
Iraganari begirada emango diote, Euskal Herrian ezarri diren “paktu patriarkal eta kolonialak” aztertzeko. “Honaino ekarri gaituen sokatik tiraka, etorkizuneko herri feminista eraikitzeko estrategiak gaurkotzen ari gara. Euskararen eta burujabetzaren aldeko borroka feminismotik gaur egungo testuingurura egokitzea dagokigu, interpelazio dekolonialari erantzunez, herritar guztientzat baliagarria den emantzipazio markoa eraikitzeko”.
COVID-19ak eta gobernuek emandako erantzunak egoera are okerragoa sortu duela gaitzetsi dute, eta adibideen zerrenda bat gehitu dute: “Kaleen militarizazioa; polizia abusu arrazistak; indarkeria matxistaren gorakada; konfinatutako kideak zaintzeko lan merkatua utzi behar izan duten milaka emakumeak; administrazio edo erakundeetan euskarak izan duen atzerakada…”.
Horregatik guztiagatik, inoiz baino beharrezkoago ikusten dute Euskal Herriarentzat proiektu feminista bat eraikitzen jarraitzea, burujabetza feministan sakontzea eta askotariko aliantzak sortzea.
Jakinarazi dutenez, Bilgune Feministak horri erantzuteko eztabaida prozesua abian du, eta abenduaren 12ko biribilduko dute.
Egitaraua
Bilgune Feministako kideek prest dute topaketako egitaraua, nahiz eta oraindik ekitaldiak egingo dituzten tokiak lotzen ari diren —eskerrak eman dizkiote Errenteriako Udalari—. Ordutegia zehaztuta dute. Izena eman nahi dutenek azaroaren 2tik 22ra izango dute horretarako epea, Bilgune Feministaren webgunean. Prebentzio neurriak zorrotz errespetatuko dituztela jakinarazi dute.
- 09:30ean: Harrera.
- 10:30ean: Mahai ingurua, eguna hasteko: Lurralde askeak, bizitza askeak. Hizkuntza, nazioa, arraza eta zapalkuntza kolonialen arteko intersekzioan.
- Ondoren: Eztabaidan sakontzeko dinamika parte-hartzailea, entzundakotik aukera eta erronka definitzen hasteko.
- 15:00etan: Bazkaria.
- 17:00etan: Tailer, eztabaida eta hitzaldiak, hainbat gairi buruzkoak: lurraldearen defentsa; euskara; iragana; norberaren arrazakeria biluzteko praktikak; internazionalismoa; gorputzak eta desirak; transnazionalak…
- 19:30ean: Topaketa bukatzeko, ekitaldi nagusia Herriko Plazan.