Killirikupe, 30 urte ikasten
Killirikupek 30 urte bete ditu aurten. Herriko emakume talde bat ikastaroak jasotzen hasi zen 1990ean, kontzientzia pizteko. Horretan jarraitzen dute.
Killirikupe Oiartzungo plazako arkupe txiki bat da. Txoko horrek eman zion izena Oiartzungo emakume taldeari orain dela 30 urte: garai batean emakumeak han elkartzen ziren haurrekin; gizonen txokoa kontzejupeko arkupea zen.
Taldea izen horrekin bataiatu zuena Maria Jesus Aranburu izan zen. Oraindik taldean jarraitzen du, eta Arantza Lete kidearekin batera, 1990 hartako hastapenak gogorarazi ditu. «Guk beharra ikusi baino, beste batzuek ikusi zuten bazegoela behar bat. Psikologo talde batek emakume kontzientzia piztu nahi zigun. Lehendabizi eskoletan, proba moduan, hainbat gauza egiten aritu ziren. Gero herrira zabaldu zuten eskaintza; udaletxeari eskaini zioten».
Udalak jarri zuen iragarkia ikusi eta kuriositatez hurbildu ziren bai Aranburu baita Lete ere. «Ikusi genuen guretzako modukoa zela, eta gauza asko genituela ikasteko», esan du Letek.
Psikologo talde batek ikusi zuen emakume kontzientzia pizteko beharra
Garai hartan emakumearen papera etxean egotekoa zen, eta horregatik sortu ziren emakumeak kalera ateratzeko taldeak, eskulanak-eta egiteko ikastaroekin. Letek gogorarazi duenez, beraiek nahikoa iaioak ziren eskulanetan, txikitatik erakutsi baitzieten. «Guri eskaini zigutena izan zen beste modu bateko ikasketa bat, eskola moduan: gai bat hartu, hura jarraitu… Guk emakume bezala kontzientzia hartzea zen helburua; emakume ginela eta pertsona ginela, gure burua aintzakotzat hartzeko», gaineratu du Letek.
Aranburuk lehenengo ikasturte hartako ariketa bat du gogoan: «Maleta bat jarri ziguten, eta han sartzen genituen gauzak, sinbolikoki: aitaren hau, amaren hura, beste batek ematen ziguna sartzen genuen, soberan genuena bota egiten genuen… Handitzen zihoan bezala, ikusten genuen norekin konpartitzen genuen. Horrekin esan nahi ziguten maleta bete eta hustu egiten zela, baina beti geratzen zela zerbait. Horrek bizitza guztirako baldintzatzen zaitu».
Letek, berriz, Virginia Woolfen Gela bat norberarena liburua oinarri izan zutela gogorarazi du: «Hasi ziren galdezka ea bagenuen etxe bat guretzako, ea nor ginen… Hori izan zen akuilu bat niretzako behintzat. Emakumeak orduan —eta ez dakit hori asko aldatu den— sukaldea zuen bere erreinua, baina sukaldean bertan ez zuen tokirik, akaso aulki txiki bat».
Esan duenez, ezarritako paper hura oso barneratuta zeukaten, horrela ohitu ziren. Hasierako saio haietan galdetzen zietenean nor ziren erantzuten zuten haren alaba zirela, edo bestearen senarra, edo zure umeen ama. «Esaten ziguten ‘galdetu dizuegu zuek nor zareten’. Hor ttak txiki bat sortu zitzaigun buruan».
Killirikupek antolatutako ikastaroetan testu eta liburu asko irakurri dituzte. Ikasketa talde dena garatzen joan dela nabarmendu dute, gauza berrietan sakontzen ari direla. Horrela, emakumeek Euskal Herrian duten egoeraren berri izaten ari dira, puri-purian dauden gaiak. «Adibide bat jartzeagatik, iaz sorginen gaia landu genuen: zer gertatu zen garai hartan; zein krudelak izan ziren beraiekin; ez zirela lau emakume ero izan baizik eta kultura, hizkuntza eta ohiturak zapaldu nahia izan zen», jakinarazi du Letek.
Etsenpluekin jarraituz, pasa den ikasturtean landu zuten emakume bertsolarien gaia. «Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua irakurri genuen, testigantzekin. Oraindik harritzen du emakumeak nola gauden, eta beraiek nola perzibitzen duten. Beraiek ez dute hitz hori erabiltzen, baina nik bai: paternalismoa. Eta hori kasu onenetan. Zenbait gauza eta egoera ikasten dituzu».
Emakume taldea izan den eskola horretan hiru hamarkada hauetan zehar gai «oso modernoak» jorratu dituztela ziurtatu du Aranburuk. Killirikuperen saio batean entzun zuen lehen aldiz bullying hitza. «Bizitzan dauden hainbat gai aurreratu egiten dira, baina guk ez ditugu oraindik ikusten. Nik adibide bezala beti jartzen dut bullying-arena. Nik ez nuen sekula entzun, batek galdetu zuen arte. Handik denbora pixka batera hasi zen erabiltzen hitza, edozein tokitan entzuten».
Hainbat gai lantzen dituzte ikasturtero; puri-purian daude lantzen dituztenak
Duela gutxi landutako beste gai bat genero identitateena izan da. Saioak ematen dituzten psikologoen lana txalotu dute, eskolak ongi prestatu eta ongi transmititzen dituztelako. Saioak psikologoek gidatu ohi dituzten arren, gauza bat argi eta garbi utzi nahi izan dute: ez doazela inolako terapiara. «Ikasketa bat da. Gainera, gauza pertsonalak ez dira agertzen, bakoitzak egiten du berea. Bakoitzak ikasitakoa bere bizitza pertsonalean aplikatzen du».
Garapena izaten ari dena feminismoa bera da, orain indartsu dabil mugimendua. Gaur egungo egoera eta 1990eko hamarkada hasierako hura ez da berdina, esan dutenez. Orduan estigmatizatuago zegoela gogorarazi du Aranburuk, eta Letek baietsi egin du: «Nik kanpotik bakarrik ezagutu nuen. Aldarrikatu nahi duzunean gauza bat oso zapalduta dagoena, hartzen dituzu jarrera oso muturrekoak. Horrela zen pixka bat orduan, eta jendeak kontrako jarrera bat hartzen zuen, berria zen guztiarekin bezala. Esaten zen matxismoaren beste aldea zela feminismoa… Eta ez, ez zen horrela».
Tamainako ospakizunik ez
Killirikupek ezin izan du urteurren biribila behar bezala ospatu, COVID-19a dela eta. Aranburuk mende laurdena bete zituztenekoak ditu gogoan: «25 urte bete genituenean udalak eman zigun xanistebanetako txupina botatzeko aukera. Dantzatu genuen sokadantza, zinegotzi eta alkateekin. Oso polita izan zen; oso gustura egon ginen, hain gustura aurten errepikatu nahi genuela!». Baina ezin.
Killirikupetik pasatu diren 80 emakumeen zerrenda bat osatu, eta bazkari bat egin nahi izan zuten. Edukiera eta segurtasun neurriak direla eta, atzeratu egin behar izan dute. «Kosta zaigu egitea egin dugun pizarra ere», penatu da Aranburu. Azkenean, irailaren 26an pleno aretoan elkartu ziren, ekitaldi xume bat egiteko.
30 urte behar den moduan ospatzeko aukera zapuztu du COVID-19ak
Gaur egun 30 bat emakume dira taldean, hamalau euskarazko taldean eta hamasei gaztelerazkoan. Ikasturte honetan talde bakoitza erdibitu egin behar izan dute, prebentzioagatik. «Irakasleei lana bikoiztu egin zaie, eta gurea murriztu egin da. Denak galeran aterako gara», esan du Letek.
Hala ere, ohi bezalako ilusioarekin ekingo diote ikasturte berriari, eta hitzaldi pare bat programatuta dituzte hilaren 30erako eta abenduaren 4rako. Kexu dira ez dutelako toki finkorik, eta urtez urte hainbat toki ezagutu dutelako. Beti geratuko zaie Killirikupe.