Sormenaren txokoa ehuntzen
Orain dela zazpi urte sortu zuten Ehuntze espazioa. Lokala aldatuko dute, eta sormenari ostatu ematen dion proiektuak aurrerapauso bat emango du.
![beratarbide](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2020/10/beratarbide-1200x682.jpg)
Idoia Beratarbidek Ehuntze espazioa orain dela zazpi urte ireki zuen, Arraskularre kalean. 2020 urte gorabeheratsu honetan, orduan hasitako proiektuan aurrerapausoa emango du: Beheko Plazan lokal handiagoa ireki du sortzaile oiartzuarrak.
Espazio falta batengatik sortu zuen Ehuntze. «Momentu hartan nire lana etxetik egiten nuen; eskolak hainbat tokitan ematen nituen espazio eta herri ezberdinetan; Marodi proiekturako joskintza lanak lagun baten aitak zeukan espazio txiki-txiki batean egiten nituen…».
Han-hemenka egiten zituen lan horiek toki batean biltzeko nahitik sortu zuen 100TZE. Lokal berri hori, baina, ez zen bakarrik bere lanarentzako aterpe izan: «Zure buruarentzako aparte, besteei eskaini ahal badiezu… Esan daiteke Ehuntze bai dela nire proiektua edo bidea, baina horren barruan sartu dira beste proiektu batzuk ere».
Arraskularre kaleko lokalean hainbat jarduera eraman dituzte aurrera: haur eta gaztetxoentzako ikastaroak; 21 Aulki kultur iniziatiba; Ate Irekien Jardunaldiak… Sormena bideratzen laguntzearen filosofia duen espazio bat izan da. «Orain arte haurrei bakarrik eman dizkiet ikastaroak, helduei emateko oso txikia gelditzen zelako. Gainera, bilatzen dut beste heziketa mota bat, sormena lantzez gain. Hori alde batetik. Bestetik, ate irekiena izan da jendearen lana bisualizatzeko modu bat: urtero pare bat sortzaile gonbidatzen ditugu, beren lana erakuts dezaten. Maria de Bernardo eta biok Marodi bezala ere erakutsi izan ditugu gure jantziak».
21 Aulkiri dagokionez, beste toki batzuetan tokirik ez daukaten emanaldiei leku emateko espazio bezala sortu zen: poesia errezitaldiak, hitzaldiak, saio bakarreko ikastaroak… Gainera, Beratarbidek uste du toki nahikoa egon ala ez, edozer izan daitekeela baliagarria. «Beste formatu batekoak izatea ez du egiten zerbait baino txikiagoa izatea. Beti sinetsi dut txikitasunaren handitasunean». Errenteria-Oreretako Mikelazulo elkartean hainbat urtetan engaiatuta egon da, eta eredu hori jarraitu du. «Denak izan du tokia Mikelazulon, eta argi neukan espazio horretan berdin izan behar zuela edo, ez bazuen, azpiegituren tamainarengatik izatea».
Ibilbide berrian, indartsu
Orain arte iraganari begiratu dio Beratarbidek, baina Ehuntzerena oraina da, eta, batez ere, etorkizuna. Datorren astean egingo dute inaugurazio ekitaldi moduko bat, ate irekiekin, egoera honekin ezin daitekeelako ordutegi finkorik jarri.
Astelehenean 16:00etatik 20:00etara eta asteartean 11:00etan eta 13:00etan pasa daiteke lokal berria zein proiektua bera ezagutzera. Ehuntze espazio berriak indartsu emango ditu bere lehenengo pausoak: 13an bertan hasiko dira ikastaroak. Aurten ere hiru taldetan ariko dira sormena lantzen, bi talde gaztetxoena eta bestea haurrena. «Denborarekin, asmoa bada beste talde bat ateratzea. Beste nahietako bat da beste artista batzuk ekartzea eta tailer batzuk ematea, gela batean zer edo zer egonda, aldi berean bestean emateko aukera egongo baita orain».
Eta astea bukatzeko, 21 Aulki hasiko da. Gaur zortzi Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia irakurketa dramatizatua eskainiko dute. Mikel Antzak Fernando Pessoa eta Joseba Sarrionandia batu ditu antzezlan labur batean, portugaldarraren O Marineiro (Marinela) lanean oinarrituta —Sarrionandiak itzuli zuen—. Bilboko Loraldia festibalak Antzari eskatu zion Pessoa eta Sarriren arteko elkarrizketa bat irudikatzeko, baina asmoa «okertu» eta 1984an Antzak berak sortutako antzezlan bat izan zen inspirazio.
COVID-19a iritsi zen, eta Loraldiakoek esan zieten 2021era arte ezin izango zutela jende aurrera eraman. «Oiartzungoa lanaren zati bat izango da. Berez, lanak badauka fadoak abesten dituen talde bat —Diana Vilarinhorena—, eta hori gabe egingo dugu. Ea nola ateratzen den proba hau», esan du Beratarbidek. Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi aktoreak daude oholtzan, eta Beratarbide berak eta Antzak egin dute lanaren kanpo-begirada; oiartzuarra aktore lanetaz arduratu da eta Antza testuetaz. «Oso ilusionatuta gaude».
Nagore Legarreta argazkilaria gonbidatuko dute 21 Aulkira. Hilaren 17an Gorputzen errebuelta saioa antolatuko du argazkilariak: afari merienda bat egingo du emakumeekin, eta ondoren argazki saioa egingo dute basoan, biluzik, anonimotasuna errespetatuta. «Legarretak egiten dituen argazkiak pasada bat dira. Argazki horiekin irudi poetiko batzuk sortuko ditu», jakinarazi du Beratarbidek. Hilaren 23an, berriz, argigramak egingo dituzte; argazki-paperak beste modu batean sortzea da, argi, objektu eta abarrak erabilita. «Polita izan daiteke artista bati bere sormenean laguntzea, bere lanaren parte izatea eta ikustea nola den lanaren prozesua».
Horrez gain, Onintza Etxebestek bere tesiari buruzko hitzaldia emango du, hilaren 22an. Bere esperientzia pertsonaletik abiatzen du bere ikerketa teoriko eta artistikoa. Hitzaldi hori tailer bilakatuko da, eta baserria laborategi bihurtzea da asmoa.
Metrokoadrokak, etxea
Metrokoadroka kolektiboko partaideetako bat da Beratarbide, eta aurreko lokala bezala, taldearen egoitza izango da Beheko Plazakoa. Hala ere, hor ere igarriko dute aldea: «Espazio txikiegia zen bilerak egiteko ere. Gauza batzuk antolatu edo lotu izan ditugu, baina orain espazio fisiko gehiago daukagunez, zentralizatuko dugu egoitza honetan. Taldean elkarlanean gauza asko egiten ditugunez, horretarako baliatuko dugu: gauza txikiren bat, emanaldi berrien hasiera… Espazio bat edukitzeak asko errazten du dinamika».
21 Aulki: Egitaraua
- Hilak 16. Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia irakurketa dramatizatua. 19:00etan, pleno aretoan.
- Hilak 17. Gorputzen Errebuelta emakumeentzako argazki saioa. 19:00etan, Ehuntzen.
- Hilak 22. Baserriaren Laborategia. Kolektiboari hitza ematea. 19:00etan, Ehuntzen.
- Hilak 23. Argigrama lantegia, gazte eta helduentzat. 18:00etan, Ehuntzen.
Izen emateak: 652 70 15 53 edo e-posta bidez, tokiak bete arte.