Auzo batzarrak positibotzat jo dituzte herritarrek
Parte hartzaile kopurua jaitsi egin da, udalaren ustez, COVID-19aren eraginarengatik.
Auzo batzarrak egin ditu Oiartzungo Udalak aste honetan. Horien helburua, aurtengo egoeraren berri eman, 2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu eta auzoetako behar eta egoeraren berri herritarren ahotik jasotzea izan da, hori guztia lehen eskutik. Herritarren balorazioak onak. Hala jaso du udalak batzar erronda amaituta egin berri duen balorazio txostenean. Balorazio horretan, gainera, parte hartzea jaitsi egin dela ondorioztatu du, “COVID-19aren osasun larrialdiarengatik izan dela uste dugu, nahiz eta osasun segurtasuna bermatzeko neurriak hartu diren”.
51-65 urte arteko parte hartzaileen kopurua mantendu bada, helduagoak edo gazteagoak diren herritarren parte hartzeak behera egin duela nabarmendu du udalak; parte hartzaileen %47,43 emakumeak izan direla, eta %52,27 gizonak azaldu du, gainera.
Aldaketei ere egin die tarte batzarren osteko balorazioan udalak, nabarmenena Altzibar, Arragua, Iturriotz, eta Ugaldetxokoak auzoan beharrean udal pleno aretoan egin dituztela izan da, “jendeak ez du gaizki baloratu aldaketa—udalak batzarren leku aldaketa egin zuen osasun segurtasun baldintzetan egiteko aforo nahikoa eskaintzen ez zuten auzoetako lokalen kasuan—arrazoia ulertu baitute; hala ere, aukera dagoen bezain pronto, auzo batzar bakoitza dagokion auzoan egiteko asmoa dugu”.
Auzoetan jasotako kezkak
Auzoetan bildutako kezkak ere azaldu ditu udalak: “Gehien errepikatu direnak aurau hausteen ingurukoak dira: ibilgailuen abiadura handia, txakur kakak ez jasotzea, zikinkeria… hau da, herritarren esku dauden bizikidetza neurriak”.
Aste honetan egindako auzo batzar guztien aktak udalaren webgunean kontsulta daitezke, udaleko saileko auzoak atalean.
