Loreto Osa aukeratu dute San Markoko presidente
Batzarraren gehiengoaren babesarekin aukeratu dute Osa San Marko Mankomunitateko presidente.
Loreto Osa jeltzalea da gaurtik San Marko Mankomunitateko presidente berria. Karguen bateraezintasunagatik bertan behera utzi du presidente kargua Mikel Pagola jeltzaleak, eta gaur Osa aukeratu dute batzarraren gehiengoaren babesarekin.”harrotasunez” hartu duela kargu berria esan du Osak, eta hitza eman du “ahalik eta ondoen” arituko dela bertatik Pasaitarren zein Oarsoaldeko beste hiru herritako biztanleen alde.
San Marko Mankomunitateak, Pasaia, Errenteria-Orereta, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte Oria, Usurbil, Urnieta, Hernani eta Donostiari ematen die zerbitzua; guztira 300.000 biztanletik gora batzen dituzte. Izendatze berriak ez duela eraginik izango zinegotzi karguan ere esan du jeltzaleak, “pasaitarren alde lanean jarraituko dut udalean”. Azkenik, esker on hitzak eskaini dizkio Mikel Pagolari orain arte egin duen lanarengatik.
