Andoni Mutiloa: "Ikuskizunarekin transak urrutikoak ez direla erakutsi nahi nuen, gutako edonor izan daitekeela"
Trans Urria iniziatibaren barruan, Esnatu Naiz kabareta ikusteko aukera izango da ostegunean Niessen Kulturgunean 19:00etan hasita.
Trans Urria iniziatibaren barruan, Esnatu naiz kabareta ikusteko aukera izango da ostegunean Niessen Kulturgunean 19:00etan hasita. Trans bat lasai bizi daiteke Albizturren? Bi lesbiana gaztek euren arteko maitasuna modu irekian adieraz dezakete Arbizun? Eta bi gizon helduk bikote harreman arrunta izan dezakete Baigorrin? Galdera horietan oinarrituta eraiki du Esnatu naiz kabareta Andoni Mutiloa sortzaileak, eta berak eman dizkio HITZAri ostegunean Niessen kulturguneko auditorioan eskainiko duen ikuskizunaren gaineko zehaztasun guztiak.
Trans kolektiboaren errealitatea, beraien genero eta sexu identitatea askatasunez eta lasai bizitzea duten planteatu du bere ikuskizunean, helburu argi birekin: sentsibilizazioa lantzea gaiaren inguruan, eta hausnarketa eragitea ikusleengan.
Kabareta da eta Elurren istorioa kontatu du Mutiloak: “Ikuskizunaren hasieran Londresen dago Elur, The Pink Flamingo klubean, bere showa bertan egiten duelako. Trans kolektiboko artista bere ikuskizunarekin hasi da, baina egun horretan zerbait gertatu zaio eta ezin du jarraitu. Publikoa etxera bidaliko du, baina inor ez da joango. Bere bizitza kontatzen hasiko da orduan, nondik datorren”.
Elur artistaren atzean, Pello euskaldun baserritarra dago; Gipuzkoako herri txiki batekoa da, baina ikusita oso zaila zaiola bere izaerarekin bat egitea eta hala bizitzea bere herriko giro horretan, Londresera joatea erabaki du. Ibilbide hori kontatu du Mutiloak kabaretean, “bere bizipenak Elur izatera heldu den arte kontatzen ditu ikuskizunak”.
Fikzioa da, ez dago errealitatean oinarrituta. “Baina errealitate hori argi eta garbi hor dago —dio sortzaileak— aurrera pausu ugari eman badira ere LGTBI kolektiboaren eskubideen alde, oraindik ere bide luzea dagoelako egiteko. Kolektibo anitz horren barruan alde batetik ikusgarritasun txikiena duen taldeetako bat da trans kolektiboarena, bere osotasunean oso zabala da, eta errealitate ezberdinak ditu. Hori azaleratu nahi nuen, eta batez ere, orokortasunetik hitz egin beharrean Euskal Herrira etorrita egin dut, oso modu sinplean, galdera bat eginez nire buruari: trans bat lasai eta libre bizi daiteke bera den moduan Gipuzkoako herri txiki batean? “. Erantzuna ere eman du Mutiloak; argi du ezetz: “Bizi ahalko da, baina oso zaila izango du aske eta lasai bizitzea osotasunean. Uneoro, ziur aski, epaitu egingo du inguruko jendeak, eta hori oso gogorra da”.
Euskaraz
Kabareta eta euskaraz. Apustu ausarta egin duen zalantzarik ez da, baina horretarako arrazoi garbiak izan dituela dio Mutiloak: “Kabareta ez da batere arrunta, zorionez badaude, baina gai hau modu honetara lantzen duenik ez dut ezagutzen, ez dut esango ez dagoenik”. Sortzen hasi zenean antzerki obra baten antza handiagoa zuela aitortu du, baina bidean transformatu da, musika eta dantza indarra hartzen joan ziren heinean. Errealitatea erakutsi eta kritika bat egin nahi zutela dio sortzaileak, baina ez ilunetik soilik: “Ez nuen zauriak eta drama erakutsi nahi soilik, kontrakoa baizik. Trans kolektiboko jendea ezagutu dut eta ikusi dudana da mina badagoela, baina aldi berean sekulako ilusioa eta bizipoza, artea eta sentsibilitatea dagoela, eta alde distiratsu hori ere sartu nahi nuen ikuskizunean. Kabareta horregatik aukeratu nuen, alde oso alaia duelako, komedia ere, eta bestalde, bizitzaren alde iluna; kabaretaren ezaugarrietako bat da hori”.
Ikuskizunaren bi bertsio egin dituzte, bata motza, aurtengo urtarrilean estreinatu zutena eta bestea luzea, —Errenterian emango dutena— irailean heldu zen azken hori.
Publiko zabalari begirakoa da Esnatu naiz kabareta. “Interesa gizarte osoak izango duela pentsatu nahi dut, kolektibo baten eskubideez ari naiz, eta gizarte osari dagokio. Guk nahi duguna da erakutsi suposatzen duena, herri txikietan batez ere, oraindik ere jende askok ez duelako ezagutzarik modu zuzenean, trans bat oso arrotza egingo zaio; eta ez du interesik, gainera, ezagutzeko. Ikuskizun honekin hori erakutsi nahi dugu, ez dela urrutiko jendea, gutako edozein izan daitekeela”.
Ikuskizuna arrastoa uzteko sortu zuen, hausnarketara bideratzeko ikuslea, eta momentuz jasotzen ari diren erantzunarekin hala izaten ari dela uste du, betetzen ari dela helburu hori.
Publiko zabalari begirakoa da, eta publiko zabala erantzuten ari dela dio Mutiloak. “Errenteriako emanaldia LGTBI+ Mahaiak antolatu du, eta badirudi bakarrik kolektibo horrentzat dela, eta ez da horrela, askotariko publikoa hurbiltzen ari da; tartean, nerabeak ikusi ditut, uste nuena baino gehiago. Iruditzen zait oso aproposa dela beraiei ere errealitate hori erakusteko, gure gizartean ez dagoelako oraindik barneratuta eta normalizatuta, eta oso modu arraroan eta ia exotikoan ikusten dute hori guztia”.
Nerabeak aipatuta, haiei begirako unitate didaktikoa sortu eta emanaldiarekin batera lanketa osatzeko lanean ari dira, “ez da epe laburrean izango, baina epe ertainera eskaini nahi dugu, eta elkarlanean egingo genuke LGTBI elkarte batekin, beraiek arlo pedagogikoaz arduratzeko”.
Errenterian egositako sorkuntza
Saiakera berezia egiten ari dira Gipuzkoako herri txikietara iristeko. “Ohorea eta plazera da halere, Errenterian eskaini ahal izatea”. Izan ere, sorkuntzaren zatirik handiena Errenteriako Dantzagunean egin dutelako, “laguntza handia izan dut, Amancay Gaztañaga zestoarraren aldetik aholkularitza eta kanpo begirada jaso dut, eta Dantzagunearen aldetik babes handia”.
Beste lotura badu, gainera, Errenteria-Oreretarekin. Iaz Eztena Jaialdian parte hartu zuen antolatutako sorkuntza laborategietako batean: “Ikuskizuna sortzen ari nintzen, eta Pelloren pertsonaia eraman nuen hara. Esperientzia horrek balio izan zidan forma zehatzagoa emateko ikuskizunari”. Aurrekoa gutxi balitz, Errenterian egina zigilua jartzeko hirugarren aldagaia ere batu du; izan ere, ikuskizunean, Idoia Hernandez Hatxe musikari errenteriarrak bere kabareterako espresuki grabatu zuelako pieza bat, “duela urte eta erdiko Eztena Jaialdiak arrastoa utzi du sorkuntza honetan”.
Esnatu naiz kabareta ikusteko aukera, ostegunean Niessen Kulturgunean 19:00etan. Momentuz Oarsoaldeko eta Bidasoko beste herrietan ez dute emanaldirik loturik, “baina ateak zabalik ditugu gonbidapenak jasotzeko prest, herri gehiagora heltzeko”.
https://www.facebook.com/andoni.mutiloa/videos/10158328425856144